Euskal Herria Bilduk eta Esquerra Republicana de Catalunyak 2023ko Senaturako hauteskundeetan elkarrekin aurkeztu ziren koalizioa berritzea adostu dute. Hala, azaroaren 29ko hauteskundeetan ere indarrak batzeko apustuari eutsi diote, Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide nazionalak defendatzeko, eskubide sozialak zabaltzeko eta bloke erreakzionarioari aurre egiteko.
Bi indarren arteko batasunak fruituak eman ditu azken legealdietan, elkarrekin indartsuagoak garela erakutsiz. Ildo horretan, bi alderdiek ontzat jo dute azken urteotan Senatuan izandako elkarlana, eta lankidetza formula horri jarraipena ematearen aldeko apustua egin dute, bi herrien eta gehiengo sozialen interesak defendatzeko baliagarria dela frogatu baitute.
Estatuan bloke erreakzionarioa gobernura iristeak dakarren mehatxuaren aurrean, Euskal Herriko eta Kataluniako ezker subiranistek argi dute partida badagoela, eta azaroaren 29an irabaztea posible dela. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da indarrak metatzea, borondateak biltzea eta gure herriek partekatzen dituzten helburuak lehenestea: nazioen eskubideak erdigunean jarriz, herritarrei bizi baldintza duinak bermatuz eta etorkizuna erabakitzeko gaitasuna defendatuz.
Esperientziak erakutsi digu elkarlana dela aurrean ditugun erronkei aurre egiteko bide eraginkorrena. Horregatik, EH Bilduk eta ERCk uste dute une historiko honek maila ematea eta erantzukizunez jokatzea eskatzen duela, bloke erreakzionarioari aurre egiteko alternatiba sendo bat eraikitzeko; herritarren beharrak erdigunean jarriko dituena eta gure nazioen eta herritarren interesak alderdien interes partikularren gainetik jarriko dituena.
Euskal Herriko eta Kataluniako arazo nagusietako bat da egun etxebizitza larrialdia. Horregatik, bi alderdiek konpromisoa hartu dute haien esku dagoen guztia egiteko, etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko eta etxebizitza krisiaren ondorioak pairatzen dituzten herritarrak defendatzeko.
Gure nazioen askatasuna defendatzea eta herritarren eskubideak zabaltzea dira bi indarren lehentasunak, eta prest agertu dira modu bateratuan helburu horiek erdiesteko. EH Bilduk eta ERCk indarrak batu dituzte berriro, uste baitute partida badagoela eta jokatzeak merezi duela. Finean, indarrak metatzea baita azaroaren 29an irabazteko bidea. Herritarrek aliantza horren alde egiteko aukera izango dute hautetsontzietan, Euskal Herriko eta Kataluniako gehiengo sozialak defendatzeko proiektu partekatua babestuz.