AKTUALITATEA

| 2025-05-11

Nerea Kortajarenaren adierazpenak: 

Uda hurbiltzen ari da Euskal Herrira, eta, munduko beste leku askotan bezala,  milaka eta milaka turista etorriko dira gurera. Egia da: herri pribilegiatu eta bisitatzea merezi duen batean bizi gara. Gainera, herri berezia da, mundu osoan ezagutuak eta onartuak izatea merezi duten historia eta kultura dituena. Harro gaude horretaz. Kezkaz bizi dugu hau, bisitari kopurua gero eta handiagoa baita. EH Bilduren ustez, mugak gainditzen ari den turismoaren ondorioak pairatzen ari gara.

Turismoa, gaur egun, BPGaren % 6,6 inguru da, eta horrek eragin oso nabarmena du euskal ekonomian. Positibotzat jo dezakegun zerbait, baina gure aurka etortzeko arriskua ere egon badago. Ezagunak dira Venezia, Bartzelona edo Amsterdameko kasuak, non turismoa arazo larria den. Eta uste dugu ez dugula hain urrun joan behar, gure herrian ere irteerarik gabeko kalezulo batean sartzeko arriskua dugula onartzeko. Izan ere, hau ez doa turismotik bai edo ez kontu bat. Bestelakoa da. Zenbateraino utziko diogu turismoari arrotz bihurtzen gure herrian bertan? 

Dagoeneko Euskal Herrian jende gehienak aitorturiko arazo bihurtu denak eragin zuzena du eta bizipen krisia nabarmen larriagotzen du, bizitzaren prezioa igotzen du eta eragin zuzena du euskal herritarren egunerokoan. Are gehiago, turismoaren sektoreari berari ere eragin diezaioke kontrolik gabeko turismoak; izan ere, multinazionalek eta enpresek arriskuan jartzen dituzte saltoki txikiak, jatetxeak, museoak eta bestelako zerbitzuak. Herri honek eta haren berezitasunek, jendeak eta beharrek gutxi axola horiei. Beraz, EH Bilduk gaur argi utzi nahi du ezinbestekoa dela turismo kontrolatu bat, inolaz ere euskal herritarren bizi proiektuen eta herriaren garapenaren gainetik jarriko ez dena.

Itziar Muruaren adierazpenak: 

Turismoa ez da fenomeno meteorologiko bat, eta erakunde publikoek bere kontrol ezak dakarren mehatxuari modu eraginkorrean erantzuteko betebeharra dute. EH Bildun uste dugu hori horrela izateko gai izan behar gara aurrea hartzeko eta nora joan nahi dugun argi izateko; izan ere, kezka eragiten digu “turismo jasangarriaren” izenean, masifikazioari eta eskaintza puzteari atea parez pare ireki izanak. Gure ustez, gainera, zenbait erakundek turismoan inbertsioak lehenetsi dituzte, gure herrian dauden beste behar batzuk alde batera utzita. Horrek, gainera, zerbitzu publikoetan kaltea eragin du, eta horren adibide argia da uda eremu ezberdinetan osasun zerbitzu publikoa gainezka egotea.

Baina uste dugu badagoela beste modu bat gauzak egiteko, herri honen balio eta nahiekin errekonozitzen den turismoa sustatzeko. Planetaren muga biofisikoak errespetatuko dituen eskaintza turistikoa, funts putre eta espekulatzaile higiezinei bere nahierara ibiltzen utziko ez diena, hemen euskaraz hitz egiten duen eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duen herri bat dagoela esango duena. Zentzu horretan, hainbat udaletatik ezker independentista eta soberanista egiten ari den lana balioan jarri nahi dugu. EH Bilduk turismo eredu bat sustatzen du, gure herriaren eta bertako jendearen interesak enpresa multinazionalen interesen gainetik jartzen dituena, eta guri zukua ateratzearen kontura sartzeko grina sustatzen duena. Bakion, Zumaian, Mundakan, Lekeition edo Usurbilen ditugu adibide garbiak. Udalerri horietan, eta beste askotan, EH Bilduk politika publikoak zabaldu ditu: herriak eta auzoak babesten dituzte, herri horietako biztanleen bizitzetan eragin txikiena eragiten dute, trafikoa eta aparkalekuak mugatzen dituzte saturazioa saihesteko, pisu turistikoei lizentziak arautu edo kentzen dizkiete espekulazio inmobiliarioa ez elikatzeko eta etxebizitzaren krisia larriagotzeko.

Azken batean, EH Bilduk badu eredu bat, datozen asteetan sozializatu nahi duena, eta horregatik deitu eta garatuko ditugu hainbat hitzaldi eta formazio jardunaldi Donostian eta Getxon. Herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu.