AKTUALITATEA

| 2021-12-21

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Satse sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulatorioen aurrean, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera salatzeko. Etengabeak izan dira euskal osasun publikoaren kudeatzaileek lehen mailako arretaren esparruan ezarritako murrizketak, eta pandemiaren gorakadarekin, EAEko anbulatorioak eta bertako profesionalak erabat gainezka daude eta pazienteak artatzeko gai ez dira.

Osakidetzako lehen mailako arretako kolapso egoera hori ez da kasualitatea, eta osasun publikoa indartzera bideratuta ez dauden politika publikoen emaitza da. Kudeaketa oker horren ondorioa da lehen mailako arretan ematen den osasun arreta gero eta okerragoa dela. Profesionalek urteak daramatzate egoera salatzen, pazienteek urteak daramatzate egoera hori pairatzen. Eta pandemiarekin muga guztiak gainditu dira. Covid-aren olatu berri honetan Osakidetzaren anbulatorioetan ikusten ari diren egoerak imajinaezinak ziren duela urte gutxi. Sinesgaitza da pandemiarekin ere ez dela indartu osasun publikoa, eta indartu beharrean, are gehiago ahuldu dutela.

Horregatik guztiagatik, osasun publikoa gizarte aurreratu baten funtsezko oinarrietako bat delako, lehen mailako arreta osasun publikoan sartzeko atea delako sindikatuek deituta bihar, asteazkena, 13: 00etan, anbulatorioen aurrean egingo diren mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk, eta euskal herritarrei horietan parte hartzeko gonbita egiten die.