EH Bilduk ongietorria ematen die Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitutako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko sindikatuek Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako ekimen legegileei.
Pello Otxandianok eta Laura Aznalek modu positiboan baloratzen dute iniziatiba, herri-akordio garrantzitsu bat lortzeko aukera paregabea dela iritzita. Burujabetza ariketa da gainera, Euskal Herriaren baldintza ekonomiko eta sozialak probesten baititu langileriaren bizi baldintzak hobetzeko norabidean.
Garai ekonomiko ezegonkorra bizitzen ari gara mundu globalean. Urteetako politika neoliberalen ondorioak somatzen dira eta hauek sortutako gizarte arrakala eta desberdinkeriak gero eta nabariagoak dira. Euskal Herrian ez gaude etorkizun ziurgabe horretatik salbu. Alta, ikusten ari gara nola jada hemengo lantegi eta enpresa ezberdinetan ematen ari diren enplegu murrizketak eta asko kezkatzen gaituzten ixteko asmoak.
Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak modu larrian kolpatzen du langileria, beren bizi eta lan baldintzetan inpaktu zuzena baitauka. Honenbestez, langile klasea eta honen lan eta bizi baldintzak babesteko ahalegin bikoitza egitea dagokie instituzioei.
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa babes horretarako ezinbesteko tresna dela uste dugu. Gainera, Euskal Herrian baditugu baldintza sozioekonomiko nahikoak berau modu duinagoan eman dadin. Horregatik, LGS propioaren aldeko ezein ekimenek EH Bilduren babesa aurkituko du. Jakina, helbururik behinena izango litzateke Euskal Herria gaitasun eta tresna politiko eta juridiko guztien jabe izatea erabaki oro bere kabuz hartu ahal izateko. Hala ere, hori gertatzen den bitartean, uste dugu baditugula aukerak eta badaudela mekanismoak LGS propio bat posible egiteko.