AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-04-15

EH Bilduren Bizkaiko hautagai Iker Casanova, Batzar Nagusietan bozeramaile, Urdulizen izan da gaur goizean hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Mecaner enpresa kokaturik dagoen herrian, hain zuzen ere. Mecanerren jabeak, Stellantis multinazionalak, faktoria itxiko duela iragarri zuen duela hilabete batzuk, eta Casanovak EH Bilduren babes osoa helarazi die gaur bertako 148 langileei, euren lanpostuak eta eskualdeko etorkizun ekonomikoa salbatzeko egiten ari diren esfortzuak txalotu eta eskertu ditu eta egin duten proposamenarekin bat egin du, “enpresa batzordeak aurkeztu duen trantsizio ekosozialeko plana ezartzearen alde, Garua kooperatibaren parte hartzerarekin eta Urdulizeko Udalaren babesarekin”.

EH Bilduko hautagaiaren iritziz, Urkulluren gobernuek ez dute industria politika bat izan eta horrek sektorearen gainbehera ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Mecaner inboluzio horren beste adibide bat da. “Industriak pisua galtzearekin batera, enpresa estrategikoen erabakiguneak ere galdu ditugu, Gamesan, Ibermatican eta Euskaltelen, adibidez, eta Kutxabankek ere pisua galdu du, ehun industriala laguntzeari dagokionez”.

Horren aurrean, Casanovak azpimarratu du “industria euskal ekonomiaren motorra izan dela eta izaten jarraitu behar duela, industriak balio erantsiak sortzen dituelako, hala nola kalitate handiagoko lanpostuak eta zerga-itzulkin gehiago”. Horretarako, baina, “ezinbestekoa da industria politika indartsu bat, hain justu EAJ-PSE gobernuek izan ez dutena”, ohartarazi du.

Hori dela eta, “industria politika ekintzaile bat” sustatzeko EH Bilduren konpromisoa berretsi du. “Lidergo publikoa izango duen industria politika bat behar dugu, industria eredu jasangarri, sozial eta aurreratu bat eraikiko duena”. Izan ere, “eraldaketa prozesu global bat gertatzen ari da munduan, industriaren sektorean aldaketa handiak ekarriko dituena arlo teknologikoan, geopolitikoan, sozialean eta ingurumenari dagokionean, eta horrek beharrezko egiten du lidergo publiko sendo bat egotea, gure industriak eraldaketa horiei arrakastaz ekin ahal izateko”.

Besteak beste, hori da EH Bilduren helburu nagusietako bat hauteskundeei begira, “industria politika berritu bat” martxan jartzea bost proposamen nagusiren bueltan, Casanovak azaldu duenez.

Lehenik eta behin, “oinarrizkoa da tresnen eta gobernantzaren arkitektura bat eraikitzea XXI. mendeko industria politiko proaktibo bat sustatzeko”. Arkitektura edo sistema horren baitan “inbertsio estrategikoak egiteko funts burujabe bat sortzea” proposatu du Casanovak. Tresna horrek, azaldu du, “funtsezko paper bat jokatu behar du balio erantsi handiko eta ertaineko dibertsifikazio-proiektuak eta misioaren arabera orientatutako proiektuak (mission oriented projects) bultzatzeko”. Atal honetan ere, EH Bilduk bestelako tresnak sortzea planteatzen du: “Prospektiba ekonomikoko zentro bat, ekintzailetzarako institutu publiko bat, industria politikaren behatoki independente bat eta industria politika diseinatzeko aholku batzorde bat; labur esanda, eskala anitzeko gobernantza sistema bat sortu nahi dugu industria politika diseinatzeko eta ezartzeko”.

Bigarrenik, Casanovak berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu argi bat egin beharra aldarrikatu du. “Ikerketara, Garapenera eta Berrikuntzara bideratutako aurrekontua BPGaren % 3ra arte igo behar dugu, eta jauzi bat eman 5.0 Industriari lotutako teknologiak enpresetan txertatzeko”.

EH Bilduk proposatzen dituen beste jarduera-ildo nagusiak honakoak dira: “Enpresa-eredu inklusiboa, parte-hartzailea eta inplikazio handikoa sustatzea, euskal industria karbonogabetzeko plan bat abian jartzea eta egoera sozioekonomiko txarra duten eskualdeak suspertzeko planak bultzatzea, eremu horietan industriaren presentzia indartzeko”.