AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2025-01-10

EH Bilduk jardunaldi bat egin du gaur Nafarroako osasunaren etorkizuna eta Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua aztertzeko. «Osasuna herritarren kezka handienetako bat eta legegintzaldiko erronka nagusietako bat da», gogoratu du Nafarroako bozeramaile Laura Aznalek.

Ezker subiranistaren aburuz, legea «aukera egokia» da gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrei benetan erantzungo dien sistema publiko baterantz aurrera egiteko. Eta sistema eraldatzeko borondatea berretsi du, eta «horretan parte aktibo izanik”. Azken hilabeteetan, EH Bilduk lan handia egin du aurreproiektua hobetzen laguntzeko, eta aurki Gobernuari helaraziko dizkio bere proposamenak. «Espero dugu kontuan hartzea eta aurreproiektua hobetu ahal izatea», adierazi du bozeramaileak.

Aznalek azaldu duenez, aurreproiektuak alderdi positiboak ditu, baina hobetzeko tarte handia ere badu. Ildo horretan, EH Bilduk ez du beharrezkotzat jotzen aurreproiektuan proposatutako aldaketa juridikoa, zeinak Osasunbidea eta NOPLOI enpresa-erakunde publiko bihurtuko lituzkeen. «Aldaketa horrek Nafarroaren eskumen historikoak galtzea ekarriko luke, gardentasuna eta kontrola murriztea, eta ez lituzke osasun sistemaren egungo arazoak konponduko», adierazi du.

Koalizioaren ustez, legeak sistema publikoaren egituran, antolaketan eta kudeaketan jardun behar du, «osasun departamentuaren eskumenak baliatuz». Horrela,Osasunari buruzko Foru Lege berrian sartu behar diren funtsezko bost arlo identifikatu dituzte:

1. Osasun-sistema publiko unibertsala bermatzea, lehen mailako arretan, prebentzio-orientazioan eta osasunaren sustapenean oinarritua. Legearen xedea izan behar da Nafarroan bizi diren pertsona guztien osasuna babesteko eta osasun-arreta jasotzeko eskubidea. Beraz, ezinbestekoa da gizarte- eta lan-baldintzatzaileak osasunerako arriskuen artean sartzea, zeharkako genero-ikuspegia ezartzea edo hizkuntza-eskubideak bermatzea.

2. Sistema publikoa blindatzea korronte pribatizatzaile gero eta handiagoen aurrean, sistema kapitalista neoliberalak bultzatuta. Aurreproiektuak blindatu eta dibertsifikatu egiten du lankidetza publiko-pribatua osasun-laguntzaren eta ikerketaren arloan, eta bere gain hartzen du hirugarren sektorearen pribatizazio orokorra, soziosanitarioa.

3. Osasun-maparen berrantolatzearen aurrean (osasun-eremu bakarra, barrutiak eta zentroak), legean bertan zehaztea oinarrizko egitura organikoa eta gobernantza-eredu bat definitzea, Zuzendaritza, Kudeaketa, Kontrol eta Partaidetza Organoak izendatzeko.

4. Langileen kudeaketa eredu autonomo eta arina ezartzea; Nafarroako araudiaren bidez; betiere sindikatuekin negoziatuta.

5. Gizarte-partaidetza sustatzea osasun-politiken definizioan, sindikatu-erakundeen eta toki-erakundeen ordezkaritza handituz.

Azken hilabeteetan, EH Bilduk bilerak egin ditu Nafarroa osoko eragile sozial eta profesional nagusiekin. Horrela, hainbat kolektibori buruzko informazioa eta proposamenak bildu ditu, eta aurreproiektuaren zirriborroa aztertu du sindikatuetako ordezkariekin, osasunaren aldeko plataformekin eta Nafarroako osasun-sistemaren arduradunekin. «Gure lehentasuna da lege berri hau tresna eraginkorra izatea osasun sistema publikoaren egungo gabeziak konpontzeko, herritarren eskubideak bermatzeko, sistema pribatizazioaren aurrean blindatzeko eta etorkizuneko erronka sozioekonomikoetarako prestatzeko», nabarmendu du Aznalek.