EH Bilduk kezka agertu du Falangeak deitutako elkarretaratzearen harira gertatutakoaren inguruan. Inoiz baimendu behar ez zen ekintza izan da, are gehiago, eskuin muturraren mehatxuek gure herriko bizikidetza eta segurtasuna arriskuan jartzen dituzten testuinguru batean.
Zentzu horretan, Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordearen adierazpenak onartezinak direla iritzi dio EH Bilduk. Adierazpen horiek zuhurtziarik gabeak eta lekuz kanpokoak izan dira, eta nahasmendua eta tentsioa besterik ez dute eragin, dagozkien erantzukizunak bere gain hartu beharrean. Beraz, Eusko Jaurlaritzari adierazpen horiek erretiratzeko exijitzen diogu.
Gasteizko herritarrek adierazi duten bezala, elkarretaratze hori saihestu egin behar zen. Segurtasunaren arloan erantzukizun politikoa dutenen betebeharra da gertakari horiek saihestea eta prebenitzea. Horregatik, EH Bilduk exijitu du ahalik eta azkarren argitu eta hartu daitezela ardura politikoak.
Arduradun politikoak ez daude a posteriori deitoratzeko edo gaitzesteko, baizik eta halako egoerak prebenitzeko. Kasu honetan, PSEk eta EAJk ez dute hori egin; aitzitik, arduragabekeriaz jokatu dute, aurreikusteko modukoa zen kontzentrazio faxista bat ahalbidetuz.
Bestalde, EH Bilduk jakinarazi nahi du datozen orduetan hainbat ekimen erregistratuko dituela erakunde nagusietan, faxismoaren normalizazioa geldiarazteko eta etorkizunean horrelako kontzentrazioak berriro gerta ez daitezen. Halako ekimenek Euskal Herria kutsatzea baino ez dute bilatzen, hemen lekurik ez duen praktika eta diskurtso batekin.
Herri antifaxista eta memoriaduna gara; horregatik, gure kaleetan faxisten presentzia ez dugu zurituko, ezta normalizatuko ere, ez eta eman daitezkeen erantzunak parekatuko.