AKTUALITATEA

| 2024-01-03

EH Bilduk EAEko instituzioak eta hainbat erakundek garraio publikoaren erabiltzaileen artean sortzen ari diren nahasmen eta harridura egoera salatzen du. Aldundiak, Gasteizko Gobernua, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza EAEko milaka familia hilaren amaieran hobeto iristea errazten ez duten neurriak hartzen ari dira. Garraio publikoaren erabilera sustatu beharrean, kontrako norabidean ari dira.

Madrilgo Gobernuak argi utzi du garraio publikoko hobariak 2023an egindako baldintza berberetan luzatuko dituela, eta %30eko deskontua izango duela garraio abonu eta bidaia anitzeko titulu guztietan.

Hala ere, EAEko erakundeak tematuta daude BAT, BARIK eta MUGI txartel anonimoak kanpoan uzten, gainerako %20ko deskontua aplikatu gabe. %20ko deskontua kentzeak Estatuak jarritako %30eko galera ekarriko luke; beraz, txartel anonimoek orain arte izan duten deskontu guztia galduko lukete.

Hobari horiek ezartzea eragin zuten baldintzek (inflazioa eta krisi egoera) indarrean jarraitzen dute gaur egun ere. Larrialdi klimatikoa inoiz baino nabariagoa da. Hori dela eta, EH Bilduk garraio publikoan hobarien politika mantendu eta bultzatu nahi du, ibilgailu pribatuaren aurretik garraio publikoa lehenesteko. Agerikoa da erabiltzaile igoerako datuak ikusita, halako politikak guztiz baliagarriak izan direla, tarifak erakargarriak sortzeko eta ondorioz, ahalik eta erabiltzaile gehiago garraio publikoarekin bat egiteko.

EH Bilduk deskontu politika defendatzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei garraio publikorako sarbidea errazteko.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk honako ekimen instituzional hauek erregistratu ditu:

  • Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, Jon Nogales Mugikortasun Iraunkorreko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuaren eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren agerraldiak eskatu dira, 2024an %20ko hobariak pertsonalizatu gabeko BAT eta MUGI txartelekin baliatu ahal izango diren argitu dezaten.
  • Bizkaian egoera are larriagoa da, garraioaren erabiltzaileen %75eko eraginagatik, eta BARIK txartelen pertsonalizazioa ez ezik, hileko bonuen erosketa ere barne hartzen duelako. Honako ekimen hauek erregistratu dira:
    • Elixabete Etxanobe diputatu nagusi eta BGPko presidenteari urtarrileko Kontrolerako Osoko Bilkuran interpelazioa egingo zaio.
    • Arauz Besteko Proposamena, Batzar Nagusietan urgentziaz eztabaidatzeko, BARIK txartel anonimoen %20eko hobaria ezabatzen duen neurria indarrik gabe uzteko eta egungo %50eko hobariak 2024ra zabaltzeko eskatuz.
    • Bilboko Udalean mozioa, Bilbobus eta Bizkaiko garraio publikoetan orain arte aplikatutako deskontuak mantentzeko eskatuz udal gobernuari.
  • Azkenik, Gasteizko Legebiltzarrean Legez Besteko Proposamena erregistratuko da, eta bertan eskatzen da erabaki bateratu eta adostu bat har dadila hiru Aldundien artean, 2022ko azaroan onartutako proposamena ahalik eta azkarren gauzatzeko, errentaren eta erabileraren araberako ordainketa sistema progresibo bat ezartzeko. Euskal Garraio Agintaritzaren presidentea eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren agerraldia ere eskatuko da, Euskotrenen eta tranbiaren kudeaketa sail honen eskumena baita %100ean.

Beraz, EAEko instituzioak sistema homogeneo eta progresibo bat martxan jartzeko eta gaur egungo nahasmen egoera argitzeko gai izan arte, EH Bilduk azalpenak eskatuko ditu eta presaka eta koordinaziorik gabe hartutako neurri guztiak bertan behera uzteko, 2023an ezarritako hobariak 2024. urte osorako luzatzeko eskatuz.