AKTUALITATEA

Euskara | 2024-09-26

Euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko Europar Kontseiluak Espainiako Estatuari egindako eskaeren inguruan mintzatu da Pernando Barrena EH Bilduren eurodiputatua.

Europako Kontseiluak euskararen alorrean Espainiako Estatuari egin dizkion eskaerak zein garrantzia politiko dute, are eta gehiago, euskararen aurkako oldarraldi judizial eta politikoa inoiz baino indar handiagoarekin ari denean?

Txostenak euskararen inguruko hizkuntza politiken hutsune nabarmenak agerian uzten ditu. Erkidego Autonomoan, berehalako ekimena hartzea eskatzen du osasun-sisteman, Estatuaren administrazioan eta prozesu judizialetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera. Eta baita euskara kontutan hartua izan dadin zerbitzu publikoen probisioari dagokionean.

Nafarroaren kasuan, antzeko gomendioak ematen ditu osasun zerbitzua, estatuaren administrazioa eta justizia administrazioari dagokienean. Txostena bereziki sendoa eta argia da esaten duenean “Nafarroan euskarak duen babes maila hobetzea Vascuencearen legeak ezarritako zonifikazioa bertan behera uztea eskatzen duela”.

Europako Kontseiluaren txostena garrantzi handikoa da, derrigortu egiten ditu bai Gasteizko zein Nafarroako Gobernuak neurriak hartzera herritarren hizkuntza eskubideak bermatu daitezen eta modu berean, Estatuko gobernuak bere partea egitea premiazkoa da bere agindupeko administrazioari dagokionean.

Zerbaitetara behartzen du Espainiako Estatua?

Estatu espainolak Hizkuntza erregional eta gutxituen karta europarra bere momentuan sinatu egin zuen. Hala ere, kartaren estatu-sinatzaile izateak ez du izaera loteslerik, baina sinatzailea izatea fede oneko ekintza bat da, eta ondorioz, kartaren edukien araberako portaera ez mantentzea irregular xamarra da eta horrela jokatzen duen estatuak ez duela oso irudi onik zabaltzen.

Zer egin dezakete Euskal Herriko eragile instituzionalek, politikoek eta sozialek horren guztiaren aurrean?

Euskal Herriko eragileek osasun-sisteman, justizia administrazioan eta estatuaren administrazioan euskaraz hartua izateko eskubidea bultzatu beharko lukete, heldu da momentua eskubide hau seriotasunez bermatua izateko.

Nafarroaren kasuan bereziki, txostenak adierazten duen bezala, ezin da jarraitu Vascuencearen legeak ezarritako zonifikazioarekin. Hori kontuan hartuta, unea da ekimen instituzional, politiko eta sozialek, gure hizkuntzaren babesean hainbeste eragiten duen legegintza honi amaiera emateko.

Zer egingo du EH Bilduk Europako Kontseiluaren eskaera honen aurrean?

Aurreko legegintzaldian bezala, legegintzaldi honetarako gure helburuetako bat da euskarak Europar Batasuneko hizkuntza ofizial izatea, Sánchez Gobernuarekin negoziatu zen bezala. Zalantzarik gabe, txosten honek gure hizkuntzaren egoera instituzionala nabarmentzeko lagungarria da. Hala ere, euskararen estatusa Europan aldatzea zaila dela ere erakusten du, Euskal Herrian egoerak bere horretan jarraitzen badu.