Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea elkarrizketatu dute Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan. Bertan, EH Bilduk, EAJrekin eta PSE-EErekin Osakidetzako LEPen inguruan lortutako akordioa baloratu du Otxandianok. «Berri ona da hau. Jarrera eraikitzailea izango dugu Osakidetzaren gainbeheraren arrazoiak aztertzeko eta esku hartu ahal izateko».
Aurrekontuen negoziazioa eta fiskalitateari buruzko akordioa dira legegintzaldiaren hurrengo helburuetako batzuk. «Zorpetzeko tartea dago. Orain arte politika kontserbadorea egin da, baina, arlo honetan ere, badirudi norabide aldaketa planteatzen dela. Erreforma fiskal sakon bati ekin behar diogu», nabarmendu du bozeramaileak.
Euskal autogobernua eguneratzeko eta Espainiako Estatuarekin harreman politikoa berritzeko EH Bilduk eta EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan lortutako akordioari dagokionez, Otxandianok gaineratu du «hau izan behar dela estatus politikoaren legealdia». «Estatus berriak garatu beharreko ildo nagusiak finkatzen dituen akordioa lortu dugu Gipuzkoan: Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta Espainiako estatuarekiko harremanean aldebikotasuna», esan du Radio Euskadiko mikrofonoetan.
Ildo horretan, kritiko agertu da Eneko Anduezaren azken adierazpenekin. «Onarpen nazionala eta eskubide nazionalen errespetua topagune izan daitezke, Katalunian egin den bezala. Kataluniako PSC hor dago. PSE-EE ez dirudi hala dagoenik», adierazi du. Otxandianoren iritziz, «Estatuarekin mantentzen den harremana berrikusi behar da. Hori izan behar da gai nagusia, nazio aitortzatik abiatzen dena. Orain da unea: gehiengo bat dago herrialde honetan».