AKTUALITATEA

| 2024-10-17

EH Bilduk Funtzio Publikoaren Legea aldatzeko lege proposamen bat aurkeztuko du Legebiltzarrean “hizkuntza eskakizunen sistemari egonkortasuna eta segurtasun juridikoa emateko”, Josu Aztiria legebiltzarkideak gaur iragarri duenez. “Maiz aipatu dugu segurtasuna, tresna berriak eta berdinetik berdinerako estatusa behar dugula hizkuntza politikan ere. Aterbe juridiko berriak behar ditugu XXI. mendeko hizkuntza politikak eta jakintza soziolinguistiko berriak praktikan jartzeko, baina, epe motzean eta urgentziaz, egungo hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa eman eta  blindatzeko beharrezkoak diren lege erreformak egitea premiazkoa da. Orain dugun sistema babestu, hobetu  eta hizkuntza politika segurtasunez aurrera eramateko eta oldarraldi judizialari bidea ixteko tresnak eskaini behar dizkiogu Legebiltzarretik Gobernuari. Geldirik geratzea ez delako aukera bat eta hizkuntza politikan jauziak egiteko baldintzarik onenak eskaintzea dagokigulako, ekimen legegilea hartuko dugu, arduraz eta erabakimenez”.

Lege aldaketa horien beharra agerikoa da, Aztiriaren iritziz, “euskararen aurkako erasoaldi judizial, mediatiko eta diskurtsibo handi baten erdian gaudelako” eta, horren aurrean, “hizkuntza politiketan jauziak egiteko baldintza sozio-politikoak ditugulako”. Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak deitoratu du gaur norabide horretan aurrera egiteko aukera galdu izana, EAJk, PSEren eskutik, atzera bota baitu koalizio subiranistak aurkeztutako mozioa, helburu zeukana “hizkuntza politika garatzeko eskumenen aldeko defentsa irmoa egitea, hizkuntza eskubideak babesteko konpromisoak hartzea eta hizkuntza politika berriari segurtasun juridikoa emateko eta berdintasunean oinarritutako euskararen estatusa lortzeko bideak elkarrekin egiteko konpromisoa hartzea”.

Hori guztia adostea posible zela esan dio Aztiriak EAJri, “baina euskararen biziberritzearen aro berriak betorik gabeko ausardia eta erabakimena eskatzen du”. Eta erantsi du: “EAJko kideok, zuen zain geratzen gara. Zuen zain bai, baina ez geldo eta are gutxiago geldi”.