AKTUALITATEA

| 2021-09-10

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Mertxe Aizpurua, Kongresuko talde parlamentarioko bozeramaileak agerraldia egin dute gaur Donostiako EH BIldu egoitzan, ikastaro politikoari begira dauden erronkak eta helburuak azaltzeko. Biek adierazi duten bezala, EH Bilduk ez du oztopatuko aurrekontuen negoziazioari ekiteko gastu mugaren onarpena datorren astelehenean. "Euskal herritarren mesederako aurrerapauso sozialak bultzatzen eta gobernuaren jarduna baldintzatzen jarraituko dugu eta gure pisua baliatuko dugu gehiengo aurrerakoi eta plurinazionalarekin batera, gizarteak behar dituen aurrerapenak lortzeko", nabarmendu du Aizpuruak.

EH Bilduk aurrekontu berrien negoziazio oztopatuko ez duen arren, Aizpurua kritikoa izan da Gobernuaren gestioarekin eta "argi-ilunak" izan dituela ondorioztatu du: "Argi-ilunak diogu, inbestidura saioan esan genuen bezala, uste dugulako Gobernu honek aukera leiho bat irekitzen duela eskubide sozial eta politikoetan aurrera egiteko, eta konponbide demokratikoak abian jartzeko Estaturik gabeko nazioetan, normalizazioaren eta elkarbizitzaren alde. Orain arte emandako pausoak, halere, motz geratzen direla deritzogu". Horregatik, agenda aurrerakoia "azkartzeko" galdegin dio Gobernuari: "Gaur, atzera eraman nahi gaituen eta eskubideak kendu nahi dizkigun eskuin erreakzionario eta autoritarioaren aurrean, agenda hori azkartzea sekula baino premiazkoagoa da. Gobernuak horretarako aukera dauka orain. Eskuin muturrak inposatu nahi dituen eskubide murrizketei atea itxiko diegu orain arte egin dugun bezala. Ez diogu espaziorik utziko", argudiatu du.

Ildo horretan, gogora ekarri nahi izan du akordio baikorrak lortu direla Euskal Herriko eta Estatuko langile klasearentzat. Lan erreforma behingoz indargabetzeko hitzarmenetik hasi, Eutanasia moduko lege garrantzitsuetatik pasa, eta iazko aurrekontuetan Euskal Herriarentzat positiboak ziren aurrerapen sozialak lortzeraino. Hala ere argi du badela garaia "atzerapenik gabe" Gobernuak berak hitzeman zuen agenda aurrerakoia eta ezkerreko neurriak martxan jartzeko: "Pandemiaren kolpe sozial eta ekonomikoaren ostean, jendeak ezin du gehiago itxaron. Orain arte hartu ez dituen neurriak onartzeko ordua da: lan erreforma bertan behera uztea, Mozal Legea indargabetzea, alokairuak arautzea, argindarraren prezio onartezina jaistea, pentsioak duintzea, fiskalitate justu baten alde apustu egitea eta nazioaniztasuna aitortzea elkarrizketa, akordio eta aldebikotasunetik".

Amaitzeko, gehiengo parlamentarioa osatzeko ezkerreko indar subiranistek duten "pisua" nabarmendu nahi izan du: "Ez Sanchez jaunak, ezta Gobernu honek ere, ez lukete ahaztu behar ezkerreko indar subiranisten gehiketak osatzen duela egungo gehiengo parlamentarioa. Gehiengo horrek ausardia handiagoa espero du: hau da, politika aurrerakoiak eta konponbide demokratikoak gatazka politikoei irtenbidea emateko".

Era berean, Arnaldo Otegik "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko geraia dela ohartarazio dio espainiako Gobernuari: "Bai, bide emango diogu aurrekontuen eztabaidari; eraikitzaileak izango gara, erantzukizunez jokatuko dugu eta exijenteak izango gara. Eskuin muturrari ateak ixten segituko dugu, baina Sanchezen gobernuak esaten duena betetzeko garaia da".

Azaldu duenez, EH Bilduk hiru ondorio nagusi atera ditu pandemiatik: "Planetaren bizitzaren hauskortasuna eta egungo ereduak sortzen duen arriskua, politika publikoek pribatizaziora jotzen dutenean zerbitzu publikoek duten hauskortasuna eta ahultasun politikoa; autogobernuaren mugak agerian geratu baitira. Ez dugu tresnarik izan pandemiari aurre egiteko". Egoera horren aurrean, aurrekontuen inguruko eztabaidari bide emango diotela iragarri du, baina "exijentziaz". "Hiru alor hauetan ibili behar zela esaten genuen, baina badago beste argudio garrantzitsu bat; eskuinari atea ixtea. Hori bere baitan oso argudio indartsua da, baina hori ezin daitekete etengabean, beste alorretan aurrera egiten ez bada. Horregatik, kezkaz ikusten dugu gobernu honen ausardia falta eta pasibitatea. Guk gobernu honi eskatzen diogu bere programa eta adostutakoak betetzea. Bide emango diogu aurrekontuen eztabaidari. Berriz ere eraikitzaileak izango gara eta erantzukizunez jokatuko dugu. Baina, aldi berean, esaten dugu gobernu honek gauzak egin behar dituela. Guk exijentziarekin jokatuko dugu, baina gobernu honek gaitasuna erakutsi behar du esaten dituenak betetzeko".