Euskal Herria Bilduk eta Bloque Nacionalista Galegok lan bilera egin dute gaur goizean. Koalizio soberanistak Bilbon duen egoitzan egin dute bilkura. Bertan parte hartu dute, EH Bilduren izenean, Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkari eta Senatuko bozeramaileak, Oihana Etxebarrieta EAEko legebiltzarkide eta Harreman Politikoetako taldeko kideak eta Mario Zubiaga senatariak. Bloque Nazionalista Galegoaren izenean, Exekutiba Nazionaleko hiru kide izan dira: Montse Prado Cores, nazioarteko arduradun eta Galiziako Parlamentuko presidenteordea; Nestor Rego Candamil, Instituzioen arloko koordinatzailea eta Kongresuko diputatua; eta Lucia Lopez Sobrado, BNGko antolakuntza idazkari nazionala.
Bi alderdi subiranistok konfiantzazko harremana dugu aspalditik. Horren erakusle dira bai 2014ko Europako parlamenturako hauteskundeetan gure hautagaitza bateratua, Herriek Erabaki izenpean, bai 2019ko eta 2024ko Orain Errepublikak izenpean egindako hautagaitza bateratuak.
Gure nazioen eta Estatuaren gaur egungo egoera aztertu eta kontrastatu dugu gaur Bilbon egindako bilkuran; besteak beste, gure hizkuntzen egoera, zerbitzu publikoak, finantzaketa sistema...
Euskal Herria Bilduk gertu-gertutik bizi izan ditu uda honetan Galizan gertatutakoak. Testuinguru hori baliatu dugu Galizan PPk multinazional handien zerbitzura sustatzen duen espolio eta harraparitza kapitalistari amaiera emango dion baso-politikaren eredua aztertzeko eta partekatzeko.
Orain arte bezala, alderdi soberanistak erabakigarriak izango gara Estatuko gobernua gure herrien bizitza hobetzen lagunduko duten politika eraldatzaileak onartzera bultzatzeko orduan. Gerra soinuak munduan indartsu entzuten diren eta gero eta giro autoritarista handiagoa dagoen garaiotan, eskubide sozial eta nazionaletan aurrera egitea betebeharra da.
Bizi dugun une politiko eta soziala ulertzea, aztertzea, partekatzea eta horri aurre egitea inoiz baino beharrezkoagoa da. Autonomia politiko eta antolamenduzkoarekin, ezberdinen arteko koordinazioa eta oinarrizko aldarrikapenei buruzko adostasunak izan behar dira jarraitu beharreko eredua.
Estatu plurinazional batean bizi gara, eta egungo eredua, 78ko erregimenaren gainean sostengatua, ez da gai izan hura osatzen duten herrien nahi demokratiko eta nazionalei erantzuteko. Esparru hori gainditzea lehentasuna da, gure nazioen subiranotasun eskubidea aitortzen duen eredu benetan demokratiko eta justu baterantz aurrera egiteko.
Etorkizuneko olatu atzerakoiaren aurrean, EH Bilduk eta BNGk eraikuntza nazionalean sakontzeko eta gure herrientzako politika eraldatzaileen aldeko apustua berresten dugu. Horretan ari gara eta horretarako konpromisoa hartzen dugu.