AKTUALITATEA

| 2022-03-02

Ainhoa Beola EH Bilduko politika instituzionaleko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean, Kongresuan hainbat lege eta erreforma izapidetzearen egoera aztertzeko, hala nola Mordaza Legea, Memoria Historikoaren Legea edo pentsioen erreforma. Ildo horretan, PSOE-Podemos gobernuak lege horiek zentzu aurrerakoiean aurrera ateratzeko aukera duela esan du, baina inbestidura blokearekin bakarrik egin daitekeela ohartarazi du.

Agerraldiaren testu osoa:

Datozen hilabeteetan Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan eta Madrilgo Kongresuan legegintzaldiaren bilakaera markatuko duten hainbat lege eztabaidatuko dira. EH Bilduk oso argi dauka nola jokatuko duen eztabaida horien aurrean, eta euskal herritarren eskubideak eta ongizatea babestea lehenetsiko duela.

Madrilen legegintzaldiaren bigarren erdian sartuko gara, eta lege eta erreforma garrantzitsuak eztabaidatuko dira bertan, hala nola Mordaza Legea, Memoria Historikoaren Legea edo pentsioen erreforma. Lege eta erreforma horiek eragin zuzena izango dute Hego Euskal Herriko herritarrengan, eta EH Bilduk jarrera eraikitzailea eta irekia izango du. Baina, era berean, euskal herritarrei jakinarazi nahi diegu erne egongo garela lege eta erreforma horiek ez daitezen izan atzerapauso bat, ezta eskubide galera ere.

Ezin dugu ahaztu, halaber, aurrekari ilun batekin sartu garela legegintzaldiaren fase berri honetan: lan erreforma onartzea. Onarpen hori gertatu zen moduan egin zen, negoziatzera sartu gabe. Orduan esan genuen, eta gaur berriro errepikatuko dugu. PSOE-Podemosen Gobernuak ez zuen jakin langileak babestuko zituen lan erreforma bat onartzeko aurkezten zitzaion aukera aprobetxatzen, Rajoyren PPk 2012an onartutako erreformaren alderdirik kaltegarrienak indargabetuz. Sakoneko aldaketei eusteko prest geundenokin ez zuen adostasunetara iritsi nahi izan. Ez zuen aukera hori aprobetxatzen jakin, CEOEren aurrean makurtzea nahiago izan zuelako, inbestidurako gehiengoaren babesa bilatu beharrean, modu horretara langileek eskatzen dutenarekin askoz ere egokiagoa izango zen lan erreforma bat ahalbidetzeko.

PSOE-Podemos Gobernua aukera berri baten aurrean dago legealdiaren bigarren fase honetan. Gobernu hau egiten ari den biderako funtsezkoak diren legeak eta erreformak lantzen ari dira Kogresuan. Berriro diogu, zorrotz jarraituko dugu lege eta erreforma horien eztabaida. Euskal indarra, subiranista eta ezkerrekoa garen aldetik, eta euskal herritarrekin ditugun konpromisoen aurrean, atzerapausorik eman ez dadin lan egingo dugu, eta euskal herritarren eskubideekiko erasorik ez dugu babestuko. Onartuko ez dugun moduan eskumen urraketa suposatu lezakeenik, eta horrelakorik gerta ez dadin egingo dugu lan.

Aipamen berezia egin nahi diegu asteotan landuko diren bi lege eta erreforma bati.

Mozal Legeari dagokionean, legearen Derogazioari eutsi behar zaio, oinarrizko eskubide zibilak urratzearekin batera, borroka sozialak eta aldarri politikoak kriminalizatzeko sortutako Legea izan baita. Talde politiko desberdinek aurkeztu ditugun zuzenketak eztabaidatzen ari ziren Ponentzia, Gobernuak bertan behera utzi berri du. Berri txarra da hau. Espero dezagun Lan Erreformarekin ez bezala, ez dezala Indar Polizialei lotutako taldeen presioei men egin eta aitzitik, indar aurrerakoien arteko adostasunak bilatzera jo dezala, erabat lesiboa den lege hau bertan behera utziz.

Pentsioen Erreformari dagokionean berriz, orain arte PSOEk eta UPek orain arte erakutsi ez duten borondate politikoa erakustea espero dugu. Hau baita falta dena, urtetan gauzatutako murrizketen bidez desegin diren eskubideak, duintasunaren eta justizia sozialetik bidetik berreskuratzeko.

PSOE-Podemosen Gobernuak, Lan Erreformarekin egin zuen bezala, aukera du aurkezten zaion aukera alferrik galtzeko, edo aukera hori baliatu dezake ezkerreko politika eraldatzaileak egiteko. Eta gobernu horrek badaki bigarren bide hori hori inbestidura blokean oinarrituta bakarrik egin dezakeela.

Mozal Legea, Memoria Historikoaren Legea edo Pentsioen Erreforma bezalakoak egiazko ezkerreko politika eraldatzaileak egiteko baliatzen baditu Sanchezen Gobernuak, EH Bildu alboan izango du. Aitzitik, nahiago badu bere gobernu programa ez bete eta eskuinaren presioen aurrean amore ematen badu, ezker independentistak ez ditu politika horiek babestuko. Arrazoi argi eta sinple batengatik: politika, lege eta erreforma horiek euskal herritarren gehiengoaren nahien aurkakoak izango direlako. Inbestidura blokearen gehiengoak ematen dion aukera ez badu baliatzen, ezkerreko politika eraldatzaileak ez baditu ezartzen eta gutxiengoaren interesak gehiengoaren interesen aurretik jartzen baditu, EH Bildu ez du alboan izango Sanchezen gobernuak.

EH Bildu oso kontziente da Espainiako Estatuaren errealitate politikoaz eta bizi duen egoeraz, oso kontziente gara gobernu honen ezaugarriez eta noraino irits daitekeen, baina ez ditugu inola ere bermatuko euskal herritarren bizi kalitaterako aurrerapausoak ekarriko ez dituzten politikak. Ez dugu eskatzen gobernu horrentzat onartezina den zerbait. PSOE-Podemos Gobernuak bere gobernu programa eta hauteskunde promesak bete ditzala eskatzen ari gara. Hori bezain erraza da.