AKTUALITATEA

| 2024-02-12

Gaur, Finantzen Euskal Kontseiluak iragarri du EAEko hiru foru-ogasunek diru-bilketa handituko dutela. Baina zuhaitzak ez diezagula eragotzi basoa ikustea. Datuek erakusten dutenez, herri honetako langileak dira biltzen denaren %77 ematen dutenak, eta sozietateen gaineko zergaren bilketaren igoera euskal enpresek izan dituzten irabazi handiagoen ondorio zuzena da.

EH Bildutik argi dugu Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak erreforma fiskal handia behar dutela. Ez du EH Bilduk bakarrik esaten. EAJk eta PSEk hilabeteak daramatzate inoiz iristen ez den erreforma iragartzen. Gehiago eta hobeto bilduko duen zerga-sistema behar dugu, bidezkoagoa izango dena. Azken batean, zerga-sistema horretan gehiago eman behar du gehien duenak, eta orain ez da horrelakorik gertatzen.

Indarrean dagoen zerga-sistema EAJk eta PSEk PPrekin egindako akordioaren ondoren onartu zen, eta bertan popularren eskakizunak sartu ziren. Eskakizun horiek oso urrun daude EH Bilduk defendatzen dituen berdintasun, ekitate eta progresibitate printzipioetatik.

Ziklo politiko berriak zerga-sistema berria eskatzen duela argi dugu EH Bildutik. Gipuzkoan, izan ere, abian da erreforma fiskalerako ponentzia. Ziklo politiko berriak lidergo berriak eta lankidetza akordioak eskatzen ditu, erreforma hori posible izan dadin. Egia dena da EAJren eta PSEren lidergoa ez dela horretarako gai izan, euskal herritarrei azaldu behar dizkieten arrazoiengatik. Are gehiago, aukera izan dutenean kontrako norabidean joan dira, fortuna handien zergarekin egin duten bezala. EH Bilduk berdintasunaren, ekitatearen eta progresibitatearen printzipioekin konprometituta jarraitzen du. Gehiago eta hobeto biltzeko printzipioarekin konprometituta jarraitzen dugu, gehien duenak ekarpen handiagoa egin dezan. Eta bildutakoa zerbitzu publikoak hobetzeko erabiltzea, azken urteotan zerbitzu publikoen gainbehera agerikoa baita. Azken batean, herri honekin eta herri honek hobera egitearekin konprometituta gaude.