AKTUALITATEA

| 2021-04-10

Gas putzuen proiektu oro alboratzeko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren balorazioa egin du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak:

Gaur pozteko moduko eguna da. Ez da gas putzurik izango Gasteizen, ez Araban eta Euskal Herrian. Jaurlaritzak azkenean onartu du aspaldian esaten geniona. Hau da, ez duela zentzurik gas putzurik egitea, esplotaziorik egitea ezinezkoa izango bada. Azkenean, EAJk eta Jaurlaritzak amore eman dute, eta gehiengo zabal baten iritziaren aurka egiten ari ziren saiakera hau bertan behera uztera behartua ikusi dute beraien burua.

Urte asko berandu etorri bada ere, diru publikoa xahutu badute ere, epaitegietara jo badute ere, klima legean esplotazioak ahalbidetzeko saiakerak egin badituzte ere, azkenik onartu behar izan dute beraien posizioa okerra zela, eta zulatzeko planak eten egingo dituzte. Berandu da, baina ongi etorria da albistea.

Gaur, edozein kasutan, herritarrak eta mobilizazio soziala zoriontzeko moduko eguna da. Ezin imajina zitekeen gaurkoa urteetan Fracking Ez! eta bestelako mugimenduek urteetan egindako lana gabe. Jende askoren lana behar izan da hona iristeko.

EH Bildutik hasieratik mantendu du hidrokarburoen aldeko apustu publikoa okerra zela, eta bai fracking-a gelditzeko eta bai gas erauzketa gelditzeko ekimenak etengabe bideratu ditu azken urteetan. Zentzu honetan, pozteko moduko albiste baten aurrean gaude. Iritsi da ordua esparru publikotik energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egiteko, eta gonbidea luzatzen dugu trantsizio energetikoa akordio zabalen bidez egiteko, inposaturiko proiektuak alboratuz.