Aintzat hartzen dugu adostasun sindikala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio mahai bat sortzeko.
Halaber, garrantzitsua iruditzen zaigu Confebask mahai horretan parte hartzeko prest agertu izana, EH Bildu aspaldidanik eskatzen ari den mahaian, alegia. Aurrekontuen negoziazioan hori saiatu ginen, baina Jaurlaritzak ez zuen nahi izan.
Jaurlaritza ezin da ikusle hutsa izan gutxieneko soldata propioa ezartzeko eztabaidan; funtzio bat jokatu behar du euskal herritarren lan eta bizi baldintzak hobetzeko.
EH Bilduren iritziz, gutxieneko soldata propioa ongizatearen berme da; hortaz, bide horretan parte diren alde guztiei laguntzeko konpromisoa du, bai eta helburu horretara iristeko behar diren adostasun politikoen alde jarduteko ere.
EH Bilduk orain arte egindako lana eta pasa den legealdian Eusko Legebiltzarrean horren inguruan lortutako kontsentsuak aintzat hartu nahi ditu.
Prozesu hau gutxieneko soldata propio baten onarpenarekin amaitzea espero dugu, horrek desberdintasunak zuzentzen lagundu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileriaren ongizatea sustatuko lukeelako.