AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-11-21

Milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilboko Autonomia kalean, EH Bilduk "Nazioa Gara’, lelopean deitutako mobilizazioan. Mobilizazioa Casilla plazan hasi eta Zabalburu plazan amaitu da. Ezker soberanistak Bilbon bildu dituen milaka lagunek "Txoria txori" abestu dute, Euskal Herria eskubideak dituen nazioa dela eta eskubide horiek erabili nahi dituela adierazteko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzartzearekin amaitu da mobilizazioa.

Mobilizazioan parte hartu duten nazioarteko ordezkaritzak: ERC, Sinn Fein, BNG, CUP, Compromis, Palestinako FPLP, Fronte Polisarioa, Kurdistango KNK, Mes Per Menorca, ERC-PV eta Andecha Astur.

Otegiren adierazpenen laburpena:

"EH Bildu Euskal Herria zaintzen eta babesten duen indar politikoa da. Euskal Herri osorako proiektu bat antolatzen eta defendatzen duen indar politikoa gara. Batzen duen ezkerra gara. Batzen gaituena guztiaren gainetik jarriz antolatzea erabaki dugunok gara. Lehenengo aberria eta gero alderdia. Horrek guztiak lehen indar politikoa izatera eraman gaitu. Ezin da ulertu Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna EH Bildu gabe”.

"Santi eta Josu hil zituzten, hain zuzen ere, herri hau maite zutelako. Horregatik maite ditugu guk. Euskal Herria memoria antifaxista duen herria da. Euskal Herria duintasun militantea duen herria da”.

"Euskal Herria etorkizuneko leihoak parez pare irekita dituen herria da. Aste honetan, Madrilen, herritarren agindu demokratikoa bete dugu. Erregimenaren nerbioa ukitzen ari gara. Monarkian, zigorgabetasunean, nazio bakar eta zatiezinean eta elite ekonomikoarentzako pribilegioetan oinarritzen den Erregimenaren nerbioa ukitzen ari gara. Eta horren aurrean Erregimena defendatzen dutenen oldarraldia ikusten ari gara. Santi eta Josu hil zituzten berberak dira”.

"Dekantazio estrategikokoaren fasean gaude. Denbora hau aukera bat bezala ikusten dugu. Estatuan nazio aniztasunaren eztabaidari heldu beharko zaio. Baina plurinazionaltasuna termino ekonomiko eta sozialetan ere ulertzen dugu. Maila bat igo behar da. Bidean jarraitzeko baldintza hobeak eraikitzeko prest gaude. Eta bide hori denok batera egin behar dugu”.

"Euskal Herriaren etorkizuna gara. Konfiantza eta anbizioa. Balio segurua gara sinesgarritasunean, zintzotasunean, konpromisoan eta bidean jarraitzeko bermean”.