AKTUALITATEA

| 2021-09-17

Gure herrian bizitako gatazkaren ondorioen konponbiderako, ezinbestekoa da ohiko legedia betetzea. Eta ezinbestekoa da, aldi berean, indarrean dauden salbuespen legediarekin amaitzea. Zentzu horretan, 7/2003 legea edo Parot doktrina, zeina «ad hoc» onartuta baitzen euskal presoei aplikatzeko, ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu Gaur egun, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso daude. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua.

Desimagina, Aramendi, Aretxabaleta, Badiola, Etxebarria, Castro, Larretxea, Parot, Troitiño edo Zapirain dira preso horietako batzuk. 

Testuinguru horretan, Arrasateko Sarek, kasu honetan haien auzokidea den Unai Paroten egoera salatzeko antolatutako martxa bertan behera uztea erabaki du, sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin baita, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta.

Inguruabar hori etengabe gezurtatu bada ere, horretan tematu dira. Deialdi hori egiteko egiari eta arrazoiei entzungor egin zaie, eta maltzurkeriari, deskalifikazioari eta presioei eutsi zaie. Eta, larriagoa dena, alde batera utzi da, nahita, Sarek beti bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde egin duen apustua.

Elkarbizitza eraikitzeko alorrean zintzotasunez jokatzeko eskaera egiten du EH Bilduk, arduragabekeriaz beteriko jarrera guztiak alboratuta. Guk argi dugu, faxistek ezin dituzte baldintzatu ustez serioak diren gobernuak. Horregatik, deia luzatzen dugu larunbatean bertan Sarek Euskal Herriko herrietan antolatutako elkarretaratzeetan parte hartzera.

Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubideak. Elkarbizitza. Konponbidea.