EH Bilduk bere babes osoa adierazi nahi die, batetik, sindikatuek urriaren 15erako Hego Euskal Herrian deitu duten lanuzte orokorrari, eta bestetik, Gernika-Palestina herri ekimenak herrietan antolatutako burrunbei. Palestina bizitzen ari den egoera jasangaitza da, eta, horren aurrean, ezinbestekoa izaten jarraitzen dute eragile politiko, sindikal, sozial zein gizarte zibilaren mobilizazioa eta konpromisoa.
Balioan jarri nahi dugu, alde batetik, sindikatuen artean deialdi hau aurrera ateratzeko egon den iniziatiba, eta bestetik, Gernika-Palestina ekimenak egun horretarako antolatu duen eskaintza aldarrikatzailea. Genozidioarekin amaitzeko, funtsezkoa da herritarren inplikazioa eta lankidetza, orain arte bezala.
Euskal gizarteak maila gorenean erantzun dio egoerak ezarri digun erronkari. Harro gaude gure herriak, orain arte, Palestinaren aurkako injustiziaren aurrean erakutsi duen jarreraz eta bultzatu duen elkartasun uholdeaz.
Ongi etorria ematen diogu Hamas eta Israelen arteko akordioari eta genozidioa amaitzeko urratsa izan dadila espero dugu. Orain, nazioarteko komunitateari dagokio akordioak beteko direla bermatzea. EH Bildutik, gure konpromisoari eutsiko diogu, bai arlo instituzionalean bai kalean, apartheid egoerarekin amaitu arte. Horregatik, Israelekin dauden harreman komertzial, politiko eta diplomatikoen berrikuspena urgentziazkoa da eta norabide horretan lan egiten jarraituko dugu. Era berean, ordezkaritza politikoa dugun instituzioetan egindako lana nabarmendu nahi dugu, baita egoera iraultzeko konpromisoan berretsi.
Modu horretara, ezker subiranistak babesa agertu nahi dio urriaren 15erako sindikatuek deitutako lanuzte orokorrari eta Gernika-Palestina herri mugimenduak deitutako mobilizazioei, eta horietan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.