AKTUALITATEA

| 2024-05-15

Hurrengo urteari begirako kudeaketa plana onartzeko, besteak beste, Batzar Nagusia egin du gaur Haurreskolak Partzuergoak. EH Bilduko udal ordezkariak bertan izan dira, eta egin diren bozketa guztietan abstentzioaren aldeko bidea hartu dute, “elkarlanari aukera bat emateko”. Bakartxo Bravo Urbina Aguraingo zinegotziak hartu du hitza Batzar Nagusian, ezker subiranistako udal hautetsi guztien izenean, eta elkarlanaren beharra azpimarratu du, “Hezkuntza akordioan zein Legebiltzarrean Haurreskolen inguruan adostutakoa garatzeko”.

Hain justu, elkarlana, batez ere, hiru eremu hauetan gauzatu behar dela azpimarratu du:

1.- 2030erako Erronka Demografikorako Euskal Estrategiaren esparruan Haurreskolak Partzuergoaren zeregina indartzen jarraitzeko, 2023-24 ikasturtetik aurrera haur-hezkuntzako lehen zikloa doakoa izanik, hezkuntza-arretaren kalitatea eta familiei laguntzeko funtzioa hobetuz, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzen laguntzeko.

2.- Era berean, lanean jarraitzeko, inplikatutako eragileekin koordinatuta, haur-hezkuntzako lehen zikloari dagokionez eskainitako zerbitzua etengabe hobetzeko, eta, bereziki, udalekin, bakoitzak bere eskumenen esparruan, udal haur-eskolen pixkanakako doakotasuna bermatzeko.

3.- Partzuergoaren partaidetza-organoen esparruan aztertzen jarraitzeko inplikatutako eragileekin koordinatuta, Haur Hezkuntzako lehen zikloaren oraina eta etorkizuna, zerbitzuaren hobekuntzak eta eskainitako hezkuntza-arretaren kalitatea.

Elkarlanerako prestutasuna agertzearekin batera, Haurreskolak Partzuergoak aldaketak behar dituela azpimarratu du Bravo Urbinak. “Haurreskolak Partzuergoa berfundatu behar da. Eta horrez gain, ezin dugu bukatu hitz hartze hau salatu gabe eman diren ordutegi murrizketak zein matrikulazio irizpideak, zeinak ez duten laguntzen Haurreskolak Partzuergoak jendartean ase beharko lituzkeen beharrak asetzen ez eman beharko lukeen zerbitzua ematen”.