AKTUALITATEA

| 2023-12-17

EH Bilduk 2.000 pertsona baino gehiago bildu ditu Bilboko Euskalduna Jauregiko auditorium nagusian, aurkezten zaizkion etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoela adierazteko. "Etorkizunak proiektuak ditu, balioak ditu, printzipioak ditu. Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da. Espero zenuten etorkizuna zuek zarete ", adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

EH Bilduk bere komunitatearen zati bat bildu nahi izan du Euskaldunan, 2024rako helburuak eta lan-indarrak adosteko. Ekitaldi berritzailea izan da, eta bertan garrantzi handia hartu du ikus-entzunezkoak. Eszenografia garaikidea izan du, lau led pantaila bertikalekin.

Besteak beste, Maddalen Iriartek eta Bakartxo Ruizek hartu dute hitza, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea lehendaritzarako hautagai gisa Mahai Politikoak proposatutako Pello Otxandianoren hitzartzeak nabarmendu dira . Otxandiano Nerea Kortajarenak, Laura Aznalek, Eva Blancok, Mikel Oterok, Oihana Etxebarrietak, Iker Casanovak, Larraitz Ugartek, Garikoitz Mujikak eta Eva López de Arroyabek lagunduta iritsi da Euskaldunara, eta berarengan jarritako konfiantza eskertu nahi izan du. "Nik nire bertsiorik onena ematen saiatuko naizela baino ezin dut agindu, pasioz jardungo naizela, eta esperantza dudala. Etorkizunari baikor begiratzeko motiboak dauzkagula uste dut eta konbentzituta nago elkarrekin, bakoitzak beretik baina elkar hartuta, elkarrekin, gauza handiak egin ditzakegula". Zentzu horretan, nabarmendu duenez, "guk ez dugu sigla bat ordezkatzen, gu herri proiektu batekin konprometitu garen komunitate bat gara". "Gure momentua da", amaitu du.

Bere ahotsez gain, EH Bilduk Euskal Herriko eta Kataluniako bi pertsona esanguratsu gonbidatu ditu ekitaldian hitza hartzera: Joseba Sarrionandia idazlea eta David Fernandez kazetari eta politikari kataluniarra.

Otegiren eskutik etorri da hitzaldi nagusia, eta EH Bilduren balioak azaldu nahi izan ditu. "Askotan galdetzen digute nazioartean zein den gure arrakastaren sekretua. Sekretua gure balioetan dago. Gure erantzukizun historikoaz jabetzen den ezkerra gara, arinkeriatik urruntzen dena. Umiltasunez lan egiten duen eta printzipioei eusten dien ezkerra gara. Lan asko egiten dugu eta zarata gutxi atera. Hitza mantentzen eta errespetatzen duen ezkerra gara ", adierazi du. Zentzu horretan, EH Bildu "batzen duen ezkerra" dela nabarmendu du. Hala, EH Bildu "adiskidetzearen etxea" dela esan du, eta azpimarratu du ezker subiranistaren nahia eta borondatea dela proiektuan jende eta sektore gehiago biltzea.

"Balio eta printzipio horiek guztiek herri honetako lehen indarra izatera eraman gaituzte", agertu du Otegik. “Ezin da Euskal Herria ulertu zuek gabe. Ezin da Euskal Herriaren etorkizuna eraiki zuek gabe. Ezin da Iruñea ulertu Joseba Asiron gabe ". Hala, datozen hilabeteetan ezarritako helburuak lortzeko ahaleginak areagotzeko eskatu die EH Bilduren komunitateko ordezkariei. "Herriz herri. Auzoz auzo. Apaltasunez eta irribarre batekin".