Iazko irailean, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen espetxeratzea salatzeko mobilizazioetan parte hartu zuten Ernai gazte erakundeko 133 kideri 290.500 euro batzen dituzten isunak jarri zien Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Mozal Legea baliatuta. Zigor erabat desproportzionatua da hau EH Bilduren ustez, Ernai bezalako gazte erakunde baten etorkizuna baldintzatzen duena eta ekonomikoki itotzen duena.
EH Bilduk bere babesa agertu nahi dio Ernairi eta isuna jaso duten gazte militanteei. Era horretara, irailaren 8rako Donostian deituta dagoen mobilizazioan izango da; aldi berean, ezker subiranistak bertan parte hartzera deitzen ditu demokraziaren eta militantzia politikoaren aurkako eraso hau salatu nahi duten euskal herritarrak.
Amaitzeko, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzan dauden EAJ eta PSEren kontraesanak salatu nahi ditu. Jendaurrean adierazpenak eta promesak egiten dituzte Mozal Legearen edukirik kaltegarrienak indargabetzeko, baina bere punturik larrienak erabiltzen dituzte Ernai bezalako gazte erakunde baten aurka jotzeko. Ezker subiranistak Mozal Legea aldatzeko proposamen deskafeinatuaren aurka bozkatu zuen, Ernai orain jasotzen ari den erasoak ahalbidetzen dituzten puntu kaltegarriak mantentzen jarraitzen zuelako. Kongresuan etengabe lanean jarraituko dugu Mozal Legearen eduki kaltegarri guztiak indargabetzeko.