AKTUALITATEA

| 2024-05-14

Frantziar estatuak Konstituzioa aldatzeko bidean, Kanakya-ko hautesle erroldaren osaketa aldatzeko erreforma pasarazi nahi du. Maiatzaren 13an hasi zuten eztabaida Pariseko Legebiltzarrean.

Erreforma horren onartzeak, 1998an bi aldeek izenpeturiko “Noumeako Akordioaren” deusestatzea ekarriko luke eta Kanakyaren deskolonizazio prozesu adostua zangotrabatuz.

Lege aldaketak bidez Kanakyan 10 urtez bizi izan den pertsona orori bozkatzeko eskubidea emanen lioke eta ondorioz, erroldan Kanakiarrak gutxiengo bilakatzeko arriskua handituko luke. Azken hori zen, Noumeako akordioak saihestu nahi zuena.

Kanakian gatazka eta tentsio iturri jarraitzen izaten du erroldaren osaketak. Mugimendu independentistak proposamen bat egin zuen, erroldan Kanakian sortu herritarrak soilik integratzeko. Frantziako gobernuak proposamena baztertu zuen eta kontsentsurik gabe konstituzioaren erreformaren bidea hartzea erabaki zuen.

Maleruski, ez da Kanakyar herriaren erabakitzeko eskubideari eragiten zaion lehen urraketa. Noumeako akordioaren baitan egin zen 3. erreferedumaren kasua dugu adibiderik berriena.

3. erreferenduma COVID garaian burutu zen. Kanakyar herriak dolua bizitzeko dituen ohituren ondorioz parte hartzea apala izanen zela aurreikusita, baldintza hobeagoak izanen ziren momentu batetara pusatzea eskatzen zuten Kanakyarrek. Frantziar estatuak, eskaera horri muzin egin zion eta erreferenduma, baldintza kaskarrenetan iragan zen. Hala gertatu izanak kalte egin zion autodeterminazio ariketa demokratiko ederra izan behar zuenari.

EH Bai eta EH Bilduk, Kanakiar herriak bere herriaren geroaz erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu eta gogorki salatzen dugu Frantziar estatuak hartutako erabakia. Hauteskundeen erroldaren izoztea indargabetzeak, Nouméako akordioaren deuseztatzea eragiten du. Hori dela eta, eta momentu honetan Kanakiako herrialdean bizi duten egoeraz jabeturik, gure sustengu osoa adierazi nahi dugu Kanakiar herri guziari.

Frantziak, hautesle erroldaren osaketa aldatzeak orainarteko konponbide prozesua bera zalantzan jartzen du. Zinezko konponbidea soilik posible izanen da, Kanakiarren eskubidea eta borondatea errespetatzen dituzten urratsak egiten badira. Deskolonizazio prozesuaren aurkako erabaki batek, ondoko urratsak baldintzatuko ditu eta tentsio iturri larria izanen da.

Historiko laburra

2020ean, Kanakia deskolonizatzako prozesua ezaugarritzen zuen Noumeako akordioan (1998an izenpetua) adostu ziren erreferendumetarik bigarrena iragan zen. Ozta ozta kontrako bozka gailendu zen.

Aitzinetik, 1988an Kanakiako gatazkari aterabidea aurkitzeko adostu zen Matignoneko akordioa berresteko erreferendum bat iragan zen. Akordioa berresteko bozka Frantziar Estatu guzian iragan zen, kanakiar independentistek erreferenduma soilik Kanakian iragan behar zela aldarrikatzen zuten arren. Akordio horretan, Kanakiako gatazkak eragin zituen ondorioak gainiditzeko oinarriak biltzen ziren, eta Kanakiaren deskolonizazio prozesuaren nondik-norakoa.

1988ko akordioak, 1998an independentziarako erreferenduma iragartzen zuen. Aldiberean, eskumen ezberdinak Kanakiara lekualdatzeko egutegi eta prozedura ere aitzinikusten ziren. 1988ko akordioa gauzatzeko zailtasun eta erresistentziak zirela eta, elkarrizketa prozesuaren baitan 1998an “Nouméako akordioa” deiturikoa adostu zuten non; alde batetik, Kanakiaren lurralde antolaketa berria eta konpetentzien lekualdatze prozesu bat aurreikusten zen; eta bestetik, independentziarako erreferendumak antolatzeko mekanismoak zehazten ziren.

Kanakiako lurralde Kongresua 1999an egituratu zuten, zeinak botere legegilearen parte bat bere eskuduntzetan duen. Akordioan adosturiko lehen erreferenduma 2018an iragan zen.