Geroz eta ageriagoa da Aurkauten Ertzaintzara eta Udaltzaingora sartzeko prozesuaren gestio kaotikoa. EAJren ezezkoa legez ezartzeko euskara baldintza gisa Ertzaintzan edota Udaltzaingoan sartzeko, urratu egiten ditu herritarren eskubide linguistikoak, eta berarekin dakar, euskara ez izatea komunikaziorako hizkuntza euskal polizia gorputzen baitan.
Baina ez hori bakarrik. Praktikan ateak irekitzen dizkio herri honekiko inolako atxikimendurik ez duten pertsonei. Sarbide hori gainera, egiaztatuta geratzen da “soziograma” bezalako barne filtroen mantenuaren bidez, zeinaren bidez, agenteek era guztiz arbitrarioan epaitu egiten dituzte zeintzuk izango diren haiekin batera (edo ez) zerbitzu profesionala eskainiko duten pertsonak. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Enplegu-Eskaintza Publikoko elkarrizketa pertsonalak bera ildo beretik zihoan; orain epaitegiek kautelaz indargabetu duten arren, eta beraz, Arkautek hura gainditu ez zuten oposiziogile guztiak berriz ere onartu behar izan ditu.
Filtro horiei, baldintza horiei, euskararen exijentzia falta gehitzen badiogu, topatzen dugun emaitza honakoa da: ideia ultra-eskuindar eta autoritarioak dituzten kideek euskal polizia bera kolonizatzen ari dira. Horrek Ertzaintzaren eta Enplegu-Eskaintza Publikoa onartu duten udalerrien eta hiritarren arteko banaketa areagotu egiten du. Erabaki politiko horiek, kidekoa eta euskal gizartearen ispilu izango den euskal polizia bat sortzeko helburua zapuzten dute.
2019ko polizia legearen modifikazioa Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dituzten arazoak konpontzeko baliorik gabe jaio zen. Arkauten dagoen kaosak eta EAJren erabaki politikoek, euskal polizien eta herritarren arteko arrakala handitu baino ez dute egiten. Geroz eta premia handiagoa du herriak behar duen eredu polizialaren gaineko eztabaida berriro ere mahai gainean jartzea, eta praktikara eramatea norabide horretan garatu behar diren neurriak