AKTUALITATEA

| 2022-06-03

Tuteratik Gasteizera; Zumarragatik Bilbora; EH Bildu non, Bildu eta Mugi egun bat han. Izan ere, asteburu honetatik aurrera, EH Bilduk bide emango die Bildu eta Mugi egunei Euskal Herri osoan barrena. Asparrena, Getxo, Durango, Donostia, Laguardia, Iruña... Amets guztiak Borroka guztiak Batera lelopean EH Bilduk Bildu eta Mugi egunak antolatuko ditu Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan.

Ikasturtea laster amaituko da eta udak lekua emango die opor eta jai herrikoiei, baina hori baino lehen, batzeko une paregabe baten aurrean gaudela uste dugu. Gu, guztiok. Euskal Herrian maila lokalean antolatzen diren dozenaka borroka sozial eta herri mugimenduko lanketetan parte hartzen dugunok: aktibistak, militanteak, jende engainatua, gure auzoak, gure herriak, gure herrialdea hobetzeko helburua dugunok. EH Bildu osatzen duten pertsonak finean, eta baita, desberdintasunak desberdintasun, Euskal Herria hobetzeko tokian toki lan egiten duten duten pertsona guztiak.

Horregatik guztiagatik Bildu eta Mugi egunak elkarrekin egoteko eta gure gizartearen eta herriaren balio eraldatzailearen garrantziaz jabetzeko egunak dira. Bertan mota guztietako kolektibo eta elkarteetan, borrokatzen diren milaka eta milaka pertsonen, aktibisten, militanteen, boluntarioen lanaz jabetzeko egunak. Auzoelkarteetatik hasi eta kolektibo sozial, feminista, gazte, sindikatu, ekologista, euskaltzale, antiarrazista, soberanista eta kulturaletaraino. Garrantzi berezia jarriz bazterkeria, muturreko esplotazioa eta oinarrizko eskubideen urraketa pairatzen duten horiekin elkartasuna adierazten dutenekin. Migranteen komunitateetako aktibistak, etxe langileen kolektiboak, langabetuenak, zaintza eta elkarlaguntza sareak, pentsionisten elkarteak, etxe kaleratzeen aurkako mugimendua...

Besoak zabalik hartuko ditugu horiek guztiak Bildu eta Mugi egunetan eta gurekin batera parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu gaur. Gure artean elkartu eta kaleak hartuz, jaia eta aldarrikapena batuko dituen egun bat antolatzeko. Esperientziak trukatzeko, elkar ezagutzeko, gure artean laguntzeko, gure borrokak sinkronizatzeko eta horien guztien parte bilakatzeko.

Gure indar guztiak, handiak zein txikiak, eta gure inteligentzia kolektiboa indar eraldatzaile geldiezin eta eraginkor bilakatzeko.

Elkarrekin aurrera egiteko, ezberdintzen gaituen hori alde batera utziz eta helburu zehatzak ezarriz. Gure auzoak, gure herriak, hobetzera bideratutako helburuak. Gure bizitzak hobetu eta gure soberania handitzen lagunduko diguten helburuak.

Batera amesteko, amets kolektibo handi bat, proiektu amankomun bat herri eta komunitate gisa.

Nahi dugun Euskal Herri aske, justu eta baketsua batera irabazteko.

Aurrerantzean elkar ikusiko gara, Euskal Herriko edozein kale, plaza zein auzotan Bildu eta Mugi egunak ospatzen.

 

Amets guztiak Borroka guztiak BATERA!