AKTUALITATEA

| 2021-05-28

Azken asteetan Bidasoa ibaian hil diren bi gazteren heriotzak eta indarrean dagoen migrazio politika inhumanoak salatzeko manifestazioa egingo da bihar Irunen eta Hendaian. Egingo diren bi zutabeetan izango dira EH Bilduko eta EH Baiko ordezkariak.

Eredu kapitalistaren logikak eragindako pobreziak eta haren ondzrioz ematen ari den larrialdi klimatikoak eraginda, mugimendu migratorioak areagotu egingo direla uste dute EH Bilduk eta EH Baik. Ustiatzen ari garen herrialdeetatik jendea ateratzea bultzatzen ari gara, bizitza hobeen bila Gurera etortzen ari diren pertsona horiek guztiak beraien bizi baldintzak hobetzera datoz, gutako edozeinek nahiko lukeen bezala.

Oinarrizko giza eskubideak eskatzen dituzte guztientzat EH Bilduk eta EH Baik, eta hori hasten da eskubideak urratzen dituzten atzerritartasun legeak bertan behera uztearekin edota Europako migrazio politika inhumanoa bertan behera uzten. Ez da posible gure lurraldean, Euskal Herrian, banatzen gaituen muga batean, nazioarteko legedia gaindituz itzulera beroak gertatzea.

Horrenbestez, EH Bilduk eta EH Baik eskatzen dute eskubideak urratzen dituzten atzerritartasun legeak bertan behera uztea, Espainiako zein Frantziako poliziei eskatzen die itzulera beroak bertan behera uztea eta muga desmilitarizatzea. Amaitzeko, EH Bilduk eta EH Baik administrazioei eskatzen diegu Euskal Herria harrera herri bihurtzeko urratsak ematea. Halaber, administrazioen jarrera salatu dute, jendarte zibilak egin behar duelako haiek egin beharko luketena, alegia, gure artera heltzen diren guztiei artapena eta babesa eskaintzea.