2026. urtea hasi orduko, baieztatu da euskal ezker subiranistak aspaldi ohartarazitakoa: autoritarismoa mehatxu erreala da munduko herrientzat eta demokraziarentzat. Mehatxu hori, gainera, ez da puntuala, testuinguru ekonomiko eta sozialarekin erabat lotua dago. Inperialismoa, gerrak eta planetaren baliabide naturalen espoliazioa potentzia handiek herrien kaltetan jokatzen duten xake-partidari erantzuten diote. Bien bitartean, Europako Batasunak eta bere inguruan diharduten eliteek atzera egitea erabaki dute, proiektu propioaren gabezia are gehiago sakonduz. Europaren batasuna aipatzea alferrikakoa da, une historikoak eskatzen duen mailako arduraz aritu gabe eta korronte autoritarioari aurrera egiten utzita.
Venezuelaren subiranotasunaren aurkako erasoa, nazioarteko zuzenbidearen urraketa eta presidente baten bahiketa argi eta garbi salatzeko gai ez direnengandik, edota Palestinan genozidioa amaitzeko Israeli aurre egin eta modu eraginkorrean isolatu ez dutenengandik, ezer gutxi espero dezakegu. Jarrera pasibo hori, gainera, kontraesankorra da Errusiak Ukrainan egindako inbasioari emandako erantzunarekin. Armen bidalketaren eta gerra areagotzearen aldeko hautua egin zen orduan. Bi erantzun moldeetako bakar bat ere ez da egokia: gaur egun baiezta dezakegu gatazken konponbidea atzeratu soilik egiten duela militarizazioaren aldeko apustuak eta diplomaziari zein elkarrizketari uko egiteak.
Beraz, gaur berresten dugu: elkarrizketa eta akordioa, diplomazia eta negoziazioa beste irtenbiderik ez dago. Ezinbestekoa da subiranotasunaren printzipioa, autodeterminazioa eta munduko herri eta nazio guztien bakea defendatzea.
Puntu horretan, nahitaezkoa da adieraztea eta ohartaraztea Donald Trumpen anbizio inperialista eta esku-hartzailea bere Segurtasun Nazionaleko Estrategian dagoela jasota; eta, horrez gain, Europako Batasuneko hauteskundeetan esku hartu eta eskuin muturreko alderdien alde egiteko asmo argia ere jasotzen dela esteategia horretan. Euskal Herriaren kasuan, bitan banatutako estaturik gabeko nazio gisa, bultzada ekarriko lieke horrek Agrupazio Nazionalari Ipar Euskal Herrian, eta VOXi eta PPri Hego Euskal Herrian. Hori onartezina da demokraziaren ikuspegitik, eta herri gisa erantzun behar dugu.
Euskal Herriak baldintza politiko, sozial, historiko eta ekonomikoak baditu bere burua modu egokian kokatzeko eta une historiko honen mailako erantzuna artikulatzeko. Uste dugu, gure gaitasunez eta gure mugez jakitun, gauza handiak egin ditzakegula olatu autoritarioa geldiarazteko, badagoela egiazko alternatiba, eta Europarako beste proiektu bat posible dela. Horretarako, ezinbestekoa da gogoratzea gure herriak duela 40 urte ezetz esan ziola NATOri. Orduan ere erakutsi genuen salbuespena garela sutan dagoen mundu honetan. Pozik gaude horretaz, eta gaur egun ere balio behar duela uste dugu.
Euskal ezker subiranistak dei egiten die Euskal Herriko eragile politiko eta sozialei herri gisa ordezkatzen dugunari balioa emateko eta munduari esateko gerraren eta itxaropenik ezaren aurrean alternatiba badagoela; azken batean, beste era bateko Europa posible dela. Herrien subiranotasuna eta horrekiko errespetua egon behar dira alternatibaren oinarrian.
Horregatik guztiagatik, interes partikularrak alde batera uzteko beharra aldarrikatzen dugu, ezeren aurretik gure herria lehenetsiz eta ezberdinen arteko lankidetza sustatuz. Azken batean, indarrak antolatu behar ditugu bultzada nazional berri baterako, mundu hobea eraikitzeko aukera eta itxaropena badagoela erakusteko.