Urtebete pasa da EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eta, horrela, administrazio publikoetan hizkuntza eskakizunen sistema blindatzeko lege proposamena aurkeztu zuenetik, eta gaur Legebiltzarrak azken urratsa egin du horren inguruko eztabaida osoko bilkurara eramateko. Hori hala izatea ahalbidetu du EH Bilduk, bere abstentzioari esker, EAJk bere garaian aurkeztu zuen lege proposamen alternatiboa hil honen 25eko osoko bilkurara iritsi eta bertan eztabaidatuko baita. Hala egin ezean, debatea gaur bertan amaituko zen, jeltzaleek koalizio independentistaren proposamenaren kontra bozkatu dutelako.
Josu Aztiriak berretsi du EH Bilduren proposamena “segurtasun juridiko handiena eman dezakeen estrategia dela”, eta gogorarazi du “euskal gehiengo sindikalaren eta euskalgintzaren babesa daukala eta legebiltzarretik pasa diren jurista gehienek aitortu dutela gure proposamenaren sendotasuna, zorroztasuna eta konstituzionaltasuna”. Izan ere, “Estatuko gainontzeko nazioetan dauden estandarretara hurbiltzen gaituen proposamena da, euskara eta gaztelaniaren berdintasun efektibora gerturatzen gaituena, euskararen estatusean aurrera egiteko bidea urratzen duena”.
Hori horrela izanik ere, eta “EAJren proposamenarekin kritikoak garen arren, uste dugu –erantsi du Aztiriak– bi bideak, gurea zein EAJrena, uztagarriak direla eta badaudela elkarguneak. Horregatik, uste dugu erdibideko bat posible zela bi legeen artean, eta horregatik egin genizkion hainbat zuzenketa EAJren proposamenari, baina gaur kontrako bozka jaso dute. Hala ere, bi bide egon badauden arren, uztargarriak dira, badaude partekatzen ditugun elementuak”. Izan ere, “ados gaude administrazio erabat elebiduna izan behar duela azken helburua; ados gaude hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak direla; ados gaude administrazioek erabakimena izan behar dutela; ados gaude euskararen biziberritzean administrazioak duen garrantzian, eta ados gaude oldarraldiaren aurrean atzera baino aurrera egin behar dugula”.
Beraz, “sinetsita oraindik orain akordio bat posible dela eta akordiorik eza ez dela aukera bat”, EH Bilduko legebiltzarkideak “azken minutura arte” ahalegintzeko konpromisoa hartu du, lan horretan etsi gabe, “euskarak, geure erakundeek, geure autogobernuak eta herri honek merezi duen eta behar duen akordioa lortu arte”.
Hortaz, EAJrekiko negoziazio kanala irekita mantentzearren, EH Bilduk abstentzioa eman dio haren proposamenari, pasa den astelehenean ponentzian ere egin zuen bezala. “EAJren proposamenaren aurrean abstenitu egin gara, negoziazioari eta elkarrizketari ateak irekita mantentzeko. Uste dugu posible egin dezakegula akordio garrantzitsu bat, herri honi eta euskarari zor diogun akordio bat. Gaurko abstentzioa beraz adostasun baterako atea irekita mantentzen duen erabakia da, baina gaurko abstentzioa gaurko bozketari soilik lotzen zaio, eta atea irekita mantenduko dugu ekainaren 25eko azken minutura arte, lege proposamena osoko bilkurara heldu arte; azken unera arte. Honenbestez, datozen ordu eta egunetan lanean jarraituko dugu orain arte bezala, euskarak eta herri honek behar duen akordioa eta aterbe juridikoa lortu arte”.