AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-11-12

Sinn Fein-en konferentzia politikoan parte hartu dute asteburu honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Gorka Elejabarrieta Nazioarteko harremanetarako zuzendari eta Senatuko bozeramaileak.

Irlandako errepublikarren eta ezkerreko euskal independentiston arteko lotura eta harreman historikoak sendotzen jarraitzeko eta bidea elkarrekin egiteko konpromisoa hartu du Otegik ehunka militanteren aurrean eginiko hitzartzean: «Euskal Herri aske eta Irlanda batu baten ametsak beteko dira. Haize bolada oparoak ditugu bi nazioetan».

Besteak beste, Gerry Adams, Sinn Fein-eko presidente Mary Lou McDonald eta presidenteorde Michelle O’Neill-ekin biltzeko aukera izan dute Irlandaren eta Euskal Herriaren etorkizuneko erronken inguruan hitz egiteko, hamarkadetako elkarlana indartzeko eta estrategia bateratuak adosteko. Hausnarketa politikoak partekatzeaz gain, topaketa aberasgarriak izan direla nabarmendu dute, are gehiago Sinn Fein-ek uhartearen iparraldean zein hegoaldean goberna dezakeen une historiko honetan.

ERCko presidente Oriol Junquerasekin batera parte hartu dute Otegik eta Elejabarrietak Sinn Feinen Ard Fheis-en. ‘Nazioa Gara’ lelopean ezker subiranistak azaroaren 18an Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia egiteko probestu dute Otegik eta Junquerasek, memoria duen nazio solidario antifaxista garela aldarrikatzeko.