AKTUALITATEA

| 2024-06-28

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitza hartu du ezker subiranistaren ikasturte amaierako ekitaldian, Arrasaten. «Ziklo politikoa aldatu da Euskal Herrian, nahiz eta badiren batzuk aitortu nahi ez dutena. Hori EH Bilduren kidegoaren lan eskergari esker ere izan da. Gure estrategia fruituak ematen ari da», adierazi du Otegik, EH Bilduk egindako ibilbideari erreferentzia eginez. «Gurea ez da epe motzeko proiektua. Gure proiektua etorri da geratzeko, Euskal Herria askatzeko eta Euskal Herria ezkerreko ikuspuntutik eraikitzeko. Gurea proiektu nazionala da», azpimarratu du. 

Zentzu horretan, adierazi du Euskal Herriaren ziklo elektorala oraindik ez dela bukatu eta herritarrei erronka berri bat luzatu die: «Imajinatu zer litzatekeen ezkerreko diputatu abertzale bat Parisen egotea edo hiru euskaltzale Parisen egotea. Hori egin daiteke, eta hori dugu erronka». 

«EH Bildu ohiko politikatik bereizten duena da beste batzuek euren siglan oinarrituta itunak egiten dituzten bitartean guk jendeak bozkatu duenari begiratzen diogula», adierazi du baita ere koordinatzaileak, eta «jendeak politika abertzale eta ezkertiarrak nahi ditu», gehitu du, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako emaitzak gogora ekarriz.

Bukatu aurretik, estatus politiko berria ere izan du hizpide Otegik, «Euskal Herriak berreskuratu behar ditu bere eskubide nazionalak, eta hori lurralde guztietan egin behar du. Estatus politikoari buruz ari garenean, guk Euskal Herria bere osotasunean irakurtzen dugu», nabarmendu du.