AKTUALITATEA

| 2023-05-13
Arnaldo Otegi: “Itxaropenari atea itxi nahi diote. Geldiezina den aldaketa geratu nahi dute”
 
Orain dela denbora bat iragarri nuen hauteskunde kanpaina oso  zikina izango zela. Beraz, ez dago sorpresarik.
 
Espainiako politikaren okerrena inportatuz osatutako kontra-kanpaina proposatzen ari zaizkigu: lokatza, deskalifikazioa eta gezurra. Ondo antolatutako eta Estatuko estoldek eta haren zerbitzura dauden komunikabideek ondo planifikatutako kontra-kanpaina. Ayuso gustatzen zaie beren zerga politikengatik eta orain bere kanpaina fake-ak imitatu nahi dituzte.
 
Euskal Herriak eta euskal herritarrok ez dugu merezi eztabaida politikoaren degradazio hori. Denak balio du gure proiektu politikoaren kontra. Hemen, arduragabekeria osoz, eskuin muturraren markoak erosten dituzte, bidea eman eta indartzen dituzte. Eta, azkenean, eskuin muturrak gure ilegalizazioa eskatzen du. Harria jaurti eta eskua gorde.
 
Horren helburua garbia da: aldaketa geratu behar da. Euskal herritarrok ditugun arazoen inguruko eztabaida ekidin behar da.
 
Itxaropenari atea itxi nahi diote. Geldiezina den aldaketa geratu nahi dute.
 
 
Iker Casanova: “EH Bilduk gehiengoarentzako politikak, gertuko gobernuak eta Bizkaiko arazo nagusien konponbideak proposatzen ditu”
 
Bizkaian gauzak desberdinak izango dira Maiatzaren 28tik aurrera. EH Bilduren emaitza historikoek alternatiba moduan kontsolidatuko dute. Bizkaia ez da eskumakoa, Bizkaia ezkertiarra da eta hori boztontzietan nabaritu behar da. Politika aurrerakoien garaia da.
 
Bizkaiak gobernatzeko beste modu bat behar du, entxufeen eta ate birakarien Bizkaia amaitu behar da. Txokoen eta puruen politiken aurrean, EH Bilduk gehiengoarentzako politikak, gertuko gobernuak eta Bizkaiko arazo nagusien konponbideak proposatzen ditu.
 
Bizkaiko lidergo ekonomikoa berreskuratu behar da, industria aurreratuaren eta abangoardiako politika sozialen aldeko apustuarekin. Horri dagokionez, EH Bilduk, besteak beste, Bizkaia-Ibaizabal parke teknologikoa proposatzen du, kalitatezko eta lurraldean errotutako enplegua sustatzeko.
 
 
Maria del Rio: “Bilbo horizontalean eraikitzeko gai den udala behar dugu, eta EH Bildu da horretarako giltza”
 
Izan ere, Bilbon baditugu lau urtean behin boto bat baino askoz gehiago emateko prest daudenak: herritarrak, auzo eta dendari elkarteak, mugimendu sozialak, plataforma ekologistak, talde feministak, euskara eta kultura sustatzeko sareak eta abar luze bat. Aberatsak gara ehun sozialean, eta indar guzti hori baliatu, eta eragile guztiekin lan egiteko gaitasuna duen udal gobernua behar dugu. PNVk, aitzitik, jendeari eta kolektibo guztiei bizkarra emanda gobernatzen du, aberastasun sozial guzti horri ateak itxiz.
 
Pentsa zer lortzeko gai izango ginatekeen, herritarren indar guzti hori, udaletik oztopatu beharrean, Bilbo eta bilbotarren alde baliatuko bagenu. Horregatik, Bilbo horizontalean eraikitzeko gai den udala behar dugu, eta EH Bildu da horretarako giltza.