AKTUALITATEA

| 2021-10-08

Elektriken lapurreta salatzeko deskonektatu.eus plataforman mobilizatzen ari diren hainbat eragilek elkarretaratzea egin dute, gaur goizean, Iberdrolaren Bilboko egoitza nagusiaren aurrean. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du elektriken oligopolioari “aski da” esateko ordua iritsi dela eta gaueko 22:00etatik 22:30etan Euskal Herriko herri eta auzoetan deitutako lapiko-jotzera eta itzalaldira batzeko eskatu die euskal herritarrei. Euskal Herrian, Katalunian eta Galizan egingo da mobilizazio hori, herrialde horietako indar independentistek bultzatuta.

Mikel Oterok azpimarratu du argindarraren prezioak %630eko hazkundea izan duela azken urtean eta gogoratu du horren atzean salneurriak jartzeko sistema dagoela. Hori dela aldatu beharrekoa nabarmendu du, eta Euskal Herrian horrelakorik egiteko tresna burujaberik ez daukagula esan du. “Elektrika handiei eskuratzen dituzten irabazi ilegitimoak murrizteko ahalegina egin da, baina horri mehatxuekin, xantaiarekin eta joko-zikinarekin erantzun diete elektrikek. Lehenik nuklearren itxiera desordenatua iragarri zuten. Gero, berriztagarrietan inbertsioak geldituko zituztela esan zuten. Ostean, politikarien erosketarekin jarraitu zuten… eta ikertuak izaten ari dira ez ote diren ari zentral ekoizleekin jokatzen prezioa oraindik gehiago igotzeko”.

Iberdrolako arduradun nagusi Ignacio Galanek azken egunotan egindako adierazpenak gogora ekarri ditu EH Bilduko legebiltzarkideak. “Interbentzionismo terrorifikoarekin amaitzea eskatzen zuen. Hau da, beraientzat ez da terrorifikoa jendeari egoera honek ekartzen dion kaltea. Berarentzat terrorifikoa dena da beraien eskandaluzko irabazi ilegitimoak mugatzea. Aurpegi galanta”.

“Elektrizitate prezio onartezina ordainarazi nahi digutelako. Oligopolioak jendearen kontura irabazi higuingarriak poltsikoratzen dituelako. Beraien xantaia ez dugulako onartuko. Herri burujabeak nahi ditugulako, iritsi da ordua aski da esateko”, amaitu du Oterok.