Oihana Etxebarrietak, Nerea Kortajarenak, Diana Urreak, Jon Iñarrituk eta Iker Casanovak osatutako EH Bilduren ordezkaritza batek ongietorria eman diote Bilboko Itsas Museoan Aita Mari itsas salbamenduko euskal ontziari, eta giza eskubideen alde egiten duen lana eskertu diote. Izan ere, Aita Mari Euskal Herrira itzuli da bere 12. misioa amaitu eta Mediterraneo erdialdean 43 pertsona erreskatatu ondoren.
«Aita Mari herri bezala harrotasunez betetzen gaituen ekimena da», adierazi du Oihana Etxebarrieta hauteskunde kanpainako bozeramaileak, «Euskal Herriaren izena nazioartean modu ederrean zabaltzen» ari baita. «Batzuek mugen Europa ezarri nahi duten bitartean, Aita Mari giza eskubideetan oinarritutako Europa bat eraikitzeko eta pertsona askeen mugimendu askea bideratzeko proiektu bat da, mugen Europa horri aurre egiten saiatzeko mugimendu bat», nabarmendu du.
Etxebarrietaren esanetan, «Aita Mari gobernuek egin beharko luketen lan bat egiten ari da eta, beraz, harrotasun horri konpromiso politikoetan segida eman behar zaio; guk EH Bildun konpromiso hori dugu, etengabe Aita Mariren gertu egoteko, bere lana errazten saiatzeko, mugen aurrean, oinarrizko eskubideak bermaturik izango dituzten pertsona askeek osatutako herri batean sinesten dugulako».
👏🚢 Eskerrik asko Aita Mari Euskal Herriaren izena nazioartean modu ederrean zabaltzeagatik!
— EH Bildu (@ehbildu) March 22, 2024
Batzuek mugen Europa ezarri nahi duten bitartean, Aita Mari pertsona askeen giza eskubideetan oinarritutako proiektu bat da.
Inor ez da ilegala! pic.twitter.com/etxq5RNdGP