Apirilaren 20an ezkerreko milaka abertzale eta subiranista bilduko gara Iruñean Aberri Eguna ospatzeko eta libre bizi nahi duen nazio bat garela aldarrikatzeko. 2025eko Aberri Egun hau egoera politiko berezian ospatuko da, nazioarte mailako egoera nahaspilatsuak baldintzatuta. Gero eta gehiago direnean eskalada militarraz edo gerraz hitz egiten dutenak, Aberri Egunean Euskal Herria sustrai bakezale sakonak dituen nazioa dela eta edozein gatazka politiko konpontzeko elkarrizketaren eta bide diplomatikoen aldeko apustu garbia egiten duela aldarrikatuko dugu.
"Askatasunaren nazioa gara" lelopean, Euskal Herri osoko herritar subiranista, independentista, abertzale eta ezkertiarren komunitatea berriro bilduko da Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko. EH Bilduk antolatutako Aberri Egunetan egin ohi den bezala, aldarrikapen eguna izango da, baina dibertimendurako eta festarako tartea ere izango da.
Aberri Egun guztietan bezala, Golem zinemetatik eguerdiko 12:00etan abiatuko den eta ekitaldi politiko batekin amaituko den manifestazio batekin hasiko da. Aldarrikapen martxaren ondoren, aisialdirako unea iritsiko da, adin guztientzako eskaintzarekin. 13:15etatik aurrera, eta Basotxotik abiatuta, trikitilari, gaitari eta erraldoiekin, Kuxkutu txarangarekin eta munduko dantzekin kaleko animazioa izango da, hiriko kalerik giroenetara joango dira manifestazioko partaideekin batera. Era berean, Malatxo txaranga Jarauta kalera zuzenduko da gazteei gazte gunera laguntzeko.
Gazteluko plaza izango da jaiaren epizentroa Aberri Egun honetan. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, izen handiko euskal taldeen kontzertuak izango dira bertan: Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz.
Etxeko txikienek, bestalde, Burgoen plazan izango dute beren gunea, haurrentzako jolasak eta ‘Ai, Zapotxin! Baratxuri zoparen sekretua’ kale antzerkiarekin.
Azken batean, eta esan dizuegun bezala, apirilaren 20ko Aberri Egun honetan jaia eta aldarrikapena uztartuko ditugu, beste behin. 2025 honetan 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi hil zirenetik, baita erreferendumean euskal herritarrek NATOri ezezko botoa eman diotenetik ere. 2025 honetan, euskal ezker eta subiranistok argi eta garbi esango dugu Iruñean nazio bat garela, Euskal Herriak munduko elite handiek proposatzen digutenaren ordezko bide bat eraikitzen jarraitu nahi dugula: antinperialista, antimilitarista, feminista eta euskalduna. 2025eko Aberri Egunak askatasunaren herria garela aldarrikatzeko balioko du.