Etxebizitza larrialdiaren efektuak gero eta gordinagoak direla ikusirik, EH Bilduk arazo horri premiaz konponbide bat eman beharra erdigunean ipini du gaur Legebiltzarrean, koalizio abertzaleak berak eskatuta, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurriak aztertzea helburu, egunean zehar egiten ari den eztabaida monografikoan.
Pello Otxandianok ‘Posible 30K’ ekimena ekarri du gogora, EH Bilduk urtean 1.500 etxebizitza publiko eskuragarri eraikitzeko aurkeztu berri duen proposamena, alegia, eta ziurtatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaitasun instituzionala eta ekonomikoa dagoela halako plan handinahi bat burutzeko.
Azken hilabeteotan EH Bilduk ikuspegi juridiko zein finantzario batetik zorrotz landu eta kontrastatu duen proposamen horren oinarrian elkarlan publiko-soziala, komunitarioa, dagoela azaldu du Otxandianok, eta azpimarratu du horrek sektore publikoaren erabakimena eta kontrola bermatzea ahalbidetuko lukeela. “Larrialdi egoera honetan etxebizitzen sustapenaren kontrola izango genuke horrela, bai eta erantzuteko gaitasuna ere”.
Jaurlaritzak, bestalde, egiten duen planteamendua –Etxebizitza Funts Soziala– aintzat hartu du Otxandianok, eta eskaera zehatza egin dio Imanol Pradales lehendakariari: lantalde tekniko bat sortea, Jaurlaritzak zein EH Bilduk izendatutako aditu juridiko eta finantzarioek osaturikoa, mahai gainean dauden bi proposamenak aztertzeko, azterketa tekniko serio bat egiteko, eta, ondoren, emaitza Legebiltzarrera ekartzeko, eztabaidatzeko, etxebizitza publiko eskuragarria sustatzeko estrategia onena erabakitze aldera.
Horren haritik, EAJ-PSE Gobernuak egiten duen proiekzioa (10 urtean 10.000 etxebizitza publiko eraikitzea) “erabat eznahikoa” dela esan du oposizioko buruak, abiapuntua bera ere eznahikoa baita. Izan ere, Jaurlaritzak bultzatutako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak azken bost urteotan utzi duen balantzea ez da batere positiboa. “Alokairu babestuari dagokionez, betetze maila %33koa da; babes publikoko etxebizitza parkeari dagokionez, %50ekoa da, eta, bien bitartean, 15.000 etxebizitza publiko desklasifikatu dira; hau da, emaitza garbia negatiboa da: duela bost urte baino babes publikoko etxebizitza gutxiago ditugu, etxebizitzaren krisia okerrera egiten ari denean eta prezioak maximo historikoetan daudenean”.
Etxebizitza larrialdiari instituzioetatik eraginkortasunez erantzutearen garrantzia azpimarratu du Otxandianok, etxebizitza funtsezko elementua baita herritarrei bizi segurtasuna emateko. Ez bakarra, kontratu sozialak bestelako zutabeak dituelako: enplegu duina, babes sistema, zerbitzu publikoak eta zaintzen sistema.
Horiei guztiei heldu die EH Bilduk gaurko osoko bilkuran, eta 16 proposamen aurkeztu, “pertsona guztiek bizi proiektu duin bat garatzeko aukera erreala izango dutela bermatzeko” asmoz. Bada, besteak beste, koalizio independentistak proposatu du:
Kontratazio publikoetan 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea, eta lehiaketa publikoetan puntu gehigarriak ematea soldata altuagoak ordaintzeko konpromisoa hartzen duten enpresei.
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta ofizioz ordaintzea, pentsiodunen kasuan.
Seme-alaben hazkuntzagatiko 200 euroko laguntza 18 urte bete arte luzatzea, zerga kenkari itzulgarri unibertsalen bitartez.
Garraio publikoan txartel bakarreko sistema ezartzea, doakotasuna 18 urtera arte luzatuta.
Tamalez, ohi bezala, EAJk eta PSEk proposamen bat bera ere ez dute onartu. Guztiak bota dituzte atzera.