AKTUALITATEA


| 2022-02-01 10:10:00

Udal eraginkorragoa eta efizienteagoa, gure helburu

Sopelako Udalak kanpoko aholkularitza bat kontratatu du Lanaren Antolaketan hobekuntzak egiteko. Enpresa hori CGP da, Consultores de Gestión Pública, Euskal Herriko hainbat udaletan lanean aritu dena, besteak beste, Arrasaten, Barakaldon, Bergaran, Ondarrun... EH Bilduk 2019an proposatu zuen neurri hau eta gure Udaleko barne-funtzionamendua aztertzea eta birpentsatzea du helburu.

 

Joan den astean EH Bildu eta enpresaren arteko bilera bat egin zen eta gure zinegotziek EH Bilduren asmoen berri eman zuten: Udal eraginkorragoa, langileen motibazioa eta parte-hartzea, erantzunkizuna eta inplikazioa bultzatuz; Udal efizienteagoa, indartu behar diren sailak zein lanpostuak identifikatuz (esate baterako, zerbitzu sozialak, berdintasuna, sustapen ekonomikoa), azpi-kontratazioak gutxituz (hirigintza, obra eta zerbitzuak) eta zerbitzuen munizipalizazioak sustatuz (lorezaintza, turismo bulegoak...).

 

Horrek guztiak Udalaren organigrama zehatz bat eskatu du, arduradun zehatzekin eta langile bakoitzaren funtzioak eta ardurak ere zehaztuz, udal zerbitzu publikoak hobetze aldera. Zenbait sailetan jarri beharko da arreta berezia: liburutegia, udal euskaltegia, brigada, udaltzaingoa, aurrez aurreko arreta zerbitzua. Asko dago egiteko, baina ekimen honekin hobekuntzak etor daitezke: Udaleko langilego-gastua oso altua da eta gastu horri herriak probetxu atera behar dio!

 

EH Bilduren proposamena

2019ko azaroan RPT-a (udal langileen zerrenda) eztabaidatu zenean, EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena eta EAJ eta PSEren Udal Gobernuak aurrekontuetan txertatu zuen zuzenean 2020 eta 2021ko aurrekontuetan. Lana berandu dator, baina jada martxan dago.

Beharrezkoa da kudeaketa publikoan espezializatutako kanpoko aholkulari baten laguntza, udal honetako lanpostuen, haien beharrizanen eta lan-prozeduren balorazio independente eta objektiboa egiteko” (2019ko azaroko osoko bilkuran).