Etxebizitzen prezioek Hego Euskal Herrian 2007tik izandako igoerarik handiena izan zuten 2024an, finantza-burbuilaren eztandaren aurreko urtetik, eta dagoeneko hamaika urteko etengabeko igoerak izan dira. INEren datuen arabera, Etxebizitzaren Prezioen Indizea (EPI) % 12,9 igo zen Nafarroan eta % 10 EAEn 2024an. Igoerak hauek bai etxebizitza berrietan, bai bigarren eskuko etxebizitzetan eman da.
Sopelan ere gauza bera gertatzen da: gure herriko gazteek beste udalerri batzuetara joan behar dute, Sopelan etxebizitza bat erostea ezina delako. Etxebizitzaren arazoak udal-eremua guztiz gainditzen badu ere, EHbildu, Sopelako alkatetzan dagoela, bere esku dagoen guztia bultzatzen ari da:
Alokairu sozialeko 57 etxebizitza eraikitzen ari dira Loiola eta Asu inguruetan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Hauek izango dira Sopelako alokairu sozialeko lehenengo etxebizitzak, eta aurreikuspenen arabera, 2026ko udaberrirako amaituta egongo dira.
Lonjak etxebizitza bihurtzea errazten duen araudia martxan dago, hiru helburu nagusirekin: (1) lokal horiekiko espekulazioa saihestea, etxebizitza bihurtuta, etxebizitza horiek eskuratzeko edo eskualdatzeko baldintza ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak Babes Publikoko Etxebizitzetarako (BPE) ezarritakoen berdinak direla deklaratuz; (2) baldintza duinak ziurtatzea Eusko Jaurlaritzak bizigarritasun-arloan dituen baldintzak aplikatuz; eta (3) tokiko merkataritza defendatzea, merkataritza-guneetan EZ baita posible eraldaketa hori.
Etxebizitza hutsei eta pisu turistiko gisa deklaratutakoei % 50eko errekargua aplikatzen zaie OHZn; gainera, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria izapidetzen den bitartean, urtebeteko luzamendua dago, eta ez zaie baimenik ematen etxebizitza turistiko berriei, ez eta etxebizitza berriak eraikitzeko lizentziarik ere.
Aztertzen ari gara beste neurri batzuk: Etxebizitza hutsak mobilizatzea, Sopelako gune tentsionatuak deklaratzea, hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezartzea… eta batez ere HAPO berria egitea bertan proiektatzen diren etxebizitza gehienak babes publikokoak izan daitezen argi eta garbi daukagularik ezin direla lurzati publikoak etxebizitza pribatuetarako saldu kolektibo edo alderdi politiko batzuek iradokitzen duten bezala.