AKTUALITATEA


| 2023-03-22 13:45:00

Harrituta gelditu ginen atzo Sopelako Udaleko turismo batzordean: gure udalerriko Bilboko Defentsa Hesia (edo Burdin Hesia) bisita antzeztuak egingo dira, ikuspuntu “neutral” batetik, hau da, “Ez garailerik, ez garaiturik” irizpidearen araberako errelatoa eginez (frankistak eta herria adiskidetu nahian, akaso?).


Memoria Historikoa ez da neutrala, gure historia iraindua eta ukatua berreskuratzen eta justizia egiten saiatzen da. Alde horretatik, urte lazgarri haien irakurketa kritikoa egitea (inbasio frankista eta horren ondoriozko errepresioa diktaduran) guztiz beharrezkoa da, betebehar morala.


Burdin Hesia ez da modu neutralean landu daitekeen erakarpen turistiko hutsa, Sopelako ondare kultural eta politikoaren funtsezko elementua baizik. Ikuspegi histokiko, kultural eta pedagogikotik heldu behar zaio eta ez ikuspegi turistikotik. Ildo horretatik doa Koldo Somocueto historialariak eta Eusko Ikaskuntzak gure udalerriko errepresio frankistari buruz egin berri duten ikerketa proiektua. Guk geuk proposatu genuen ekimen hori, gure memoria historiko kolektiboa berreskuratzen hasteko lehen urrats gisa.