AKTUALITATEA


| 2021-05-07 12:29:00

Aurten, 2021eko maiatzaren 27an, 90 urte beteko dira Ategorrietan Guardia Zibilak 7 langile hil eta beste 30 baino gehiago zauritu zituela. Horregatik, datorren ostegunean, hilaren 13an 18:30ean Trintxerpeko Alkateordetzan, Pasaiako EH Bilduk hitzaldi bat antolatu du "Ategorrietako sarraskia: herri iragan deserosoa" izenburupean. Hizlaria Josetxo Otegi historialaria izango da eta garai hartan gertatutakoaren kokapen historikoa egingo du, besteak beste.

Pasaiako gatazkaren hasiera ez da oso argia, baina jada 1931ko apirilaren 19an “El Día” egunkari nazionalistan, arrantzaleek haien aldarrikapenak zehazten zituzten: deskantsurako egunak, soldatak eta portuko langileen baldintzak hobetzea.

Maiatzean zehar hainbat greba deialdi eta gatazka izan ziren. Ekintzaz eta tentsioz beteriko egunak izan ziren, lan baldintzen eskaerek eta negoziaketek ez aurrera ez atzera jarraitzen zutelako, eta arrantzaleen grebak aurrera ziraun. Gertakariak bata bestearen atzetik gauzatzen hasi eta lehen atxiloketak ere ematen hasi ziren. Hortaz, San Pedro eta Trintxerpeko arrantzaleak greba orokorrerako deialdia egin eta manifestazio bat antolatu zuten Donostiara 1931ko maiatzaren 27rako.

Egunean bertan, Gipuzkoako Gobernadore zibilaren aginduei jarraituz, indar polizialek eraikin publikoak zaintzen egon ziren, segurtasun indarrek tropak zabaldu zituzten Donostian zehar eta soldaduek, zerbitzu publikoak gainbegiratu zituzten.

10:00etan abiatu zen Trintxerpetik Donostiara 4000 pertsona inguruko manifestazioa. Leloak honakoak ziren: “Queremos pan para nuestros hijos” eta “Libertad para nuestros compañeros”. Aldasoro Gobernadore zibilak ez zuen manifestazioa baimendu eta hura gelditzeko asmoz armada eta segurtasun indarrak deitu zituen.

Mirakruz Gainan, armadaren destakamentu bat topatu zuten eta manifestariek jakinarazi zieten modu baketsuan zetozela. Soldaduek pasatzen utzi baina, ohartarazi zieten Guardia Zibila aurrerago zegoela. Ategorrietara iristean, Guardia Zibilak pare bat abisu eman zituen, baina, manifestazioak jarraitzeko asmo osoa zuen.

Erantzuna, tirokatzen hastea izan zen. Sarraskia itzela izan zen eta inguruko bizilagun guztiak zaurituak artatzen hasi ziren etxeetako atarietan eta kotxe partikularretan zein gerora iritsitako anbulantzietan eraman zituzten ospitalera, sorospen etxeetara, eta abar.

7 langile hil eta 30 baino gehiago zauritu zituen Guardia Zibilak

Hildako eta zaurituen zenbaketa ez da zehatza oraindik, baina jasotako datuen arabera egun hartako erasoan, Guardia Zibilak 7 langile hil eta 30 baino gehiago zauritu zituen.

Erailketen ondorioz mobilizazioak burutu ziren Donostian. Mobilizazio hauetan ere segurtasun indarrek langile gehiago zauritu eta beste asko atxilotu zituzten. Egunean zehar etengabe izan zen zaurituen joan-etorria Sorospen Etxean.

Sarraskiaren egunetara oraindik ere, atxiloketak eman ziren arrantzaleen artean. Gatazka konpondu gabe, aztarna utzi zuen Ategorrietako Sarraskiak.

Ategorrietakoa, Donostian izan den langileen sarraski larriena izanda eta bertan eraildako langileak pasaitarrak izanik, deigarria da oraindik ere biktima horiei aitormen instituzionalik egin ez izana, nahiz eta aitortu beharra dagoen Pasaiako Udalak II. Errepublikaren garaiko memoria berreskuratzeko lan handia egin duela Sorginarri bilduman.

Sarraskiaren 90. urteurrena dela eta, Pasaiako Udalak langile hauen borroka oroitu eta errekonozitzeko eskatu du EH Bilduk

Horregatik, EH Bilduko udal taldeak uste du sarraski horren 90. urteurrena une egokia izan daitekeela herri honek haiekin eta gure historian zehar bizi kalitate duinaren eta lan eskubideen alde borrokatu diren pertsona guztiekin duen zorra kitatzeko. Horiek horrela, EH Bildu udal taldeak Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena dela eta, bertan gertatutakoa oroitzeko eta egun hartan (1931ko maiatzaren 27a, Errepublika aldarrikatu berria) hildako 7 arrantzaleak oroitzeko eta euren borroka errekonozitzeko proposamena aurkeztu die gainontzeko udal bozeramaileei.

*Kontakizuna modu zabalagoan jasotzen duen PDFa: