AKTUALITATEA


| 2025-07-18 20:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko legearen artikulu batzuk baliogabetu ditu

  • Sententzia euskararen normalizazioaren aurkakoa ez ezik, euskal gizartearen eta erakundeen kontrakoa ere bada

Vox alderdi politiko espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi du sententzian. 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehengo atala, 12. artikulua eta 17.1 artikulua baliogabetu ditu, baita beste zenbait artikuluren edukiak ere. Eta, Gorenak esan duenez, 12. artikulua bakarrik da salbatzeko modukoa.

Udalentzat mugarria izan zen EAEko Udal Legea elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Gorenaren epaiaren arabera, ordea, herrialde batean hizkuntza koofizialak daudenean batek ezin du «lehentasunik» izan bestearen gainean. Horiek horrela, hizkuntzen arteko «desorekak» eragotzi egin behar dira. 

Larria da epaia, euskararen normalizazioaren kontra ez ezik, euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia delako. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutako araudia eta Eusko Jaurlaritzak garatutakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak bere sententzian baliogabetzea erabaki duena.

Hori dela-eta, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, eta Pasaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeek, erakunde, eragile politiko, sozial eta herritarrei dei egiten diegu irmo adieraz dezaten oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka daudela, eta bakoitzak dagokion lekutik bultza dezala euskararen normalizazio prozesua, horixe baita justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko bidea.

Hortaz, dei egiten diegu pasaitarrei epai hori salatzeko eta euskaldunon eskubideen alde egiteko kalera atera daitezen. Eta horretarako, UEMAk Euskararekin bat lelopean egin duen deialdiarekinn bat egitera deitzen ditugu Pasaiako eragileak eta herritarrak.

Elkarretaratzea uztailaren 19an egingo da 12:00etan Lezoko udaletxearen aurrean.

Adierazpena [PDF]