Bi urte joan dira, zuei esker, Pasaiako EH Bilduko kideok udal gobernurako hauteskundeak irabazi genituenetik eta udalerria gobernatzera aurkeztu ginenetik. Agintaldiaren erdira heltzen ari gara, eta une hau probestu nahi dugu zuekin partekatzeko zer egin dugun eta zein erronka ditugun aurrean, eta datozen bi urteetarako konpromisoak berresteko.
Duela bi urte, Pasaiako Udal Gobernuaren kide gisa, Agintaldi Plana aurkeztu genizuen, lau urterako gure bide-orria, helburu argi batekin: Pasaia eraldatzea ikuspegi sozial, feminista, ekologista eta euskaltzaletik abiatuta.
Bidea ez da erraza izan: gure herriak eta udalak eskaintzen dituen baliabide urriekin aritu behar izan dugu, eta administrazioaren inertzia burokratikoak, denborak eta prozedurak traba izan dira sarri. Hala ere, zailtasun horiek ez dira eragozgarri izan, eta gure konpromisoari tinko eutsi diogu hasieratik: Pasaiak behar eta merezi duen jauzia bideratzea, herritarren eskutik.
Eta sinetsita gaude norabide onean goazela.
Herritarrengandik gertuago
Udalaren eta herritarren arteko harremana eraldatzeko lan handia egin dugu; herritarrengandik gertuago egongo den udala, eta udaletik gertuago egongo den herria eraikitze aldera. Horregatik, erabaki estrategikoetan zuen iritzia erdigunean jarri dugu: gure oinarritik hasita eta bilerak eragileekin, parte-hartze prozesuak, Alkateordetzen bidez jasotakoak... eginez.
Eredu hori sakontzen jarraitu nahi dugu, eta horregatik, hain zuzen, Pasaiako Udalak estreinakoz Barruti Batzarrak egiten ari da maiatzean eta ekainean. Hala, barrutiz barruti, gertuagotik, zuen behar eta ekarpenak entzun eta egiten ari garen lana zuekin partekatzeko bidea sistematizatuko dugu.
Politika fiskal justuago baterantz
Azken bi urteetan, fiskalitate justuago eta progresiboago baten aldeko bidea hasi dugu, herritar guztiek euren ahalmenaren araberako ekarpena egin diezaioten Pasaiari.
Zaharkitutako ordenantzak eta zerga-sistema eguneratzen hasi gara, eta finantzazio-iturri berriak bilatzen ari gara jada. Bereziki, Portuaren jardueragatik Pasaiak jasaten dituen kalteengatiko konpentsazio mekanismoak exijitzen ari gara. Eta gai honetan, zalantzarik gabe, beharrezkoa da eta izango da EH Bilduk erakundeetan betetzen duen papera eta egiten duen lana.
Politika feministak eta zaintza eredua
Politika feministen bidez, zaintza erdigunera eramango duen udal eredua garatzen ari gara. Horren adibide dira LGTB Bizitzen diagnostikoa edota etxez etxeko laguntza zerbitzuaren aldeko apustua: datozen urteotarako proiektu berrirako inbertsioa handiagotu dugu, langileen aldarrikapenei erantzunez. Hala, eta zaintza eskubide kolektibo gisa aitortuz, zaintzaile direnen lan-baldintzak hobetu ditugu, eta horrek onurak ekarriko ditu gure bizilagunek jasotzen dituzten arreta ordu eta zerbitzuetan.
Udala eraldatzen
Udaleko barne-antolaketan ere urratsak eman ditugu. Esan bezala, zaharkitutako ordenantza eta arauak eguneratzen ari gara, eta langileen lan-baldintzak hobetzeko urteetan eskatu izan duten balorazio prozesua martxan jarri dugu.
Tokiko merkataritzaren aldeko politika aktiboak berretsi ditugu, eta Udaltzaingoaren antolaketa ere egokitzen ari gara, oinezko zerbitzu hurbilago eta komunitarioagoa bermatzeko.
Etorkizuna: burujabetza eta bizigarritasuna helburu
Asmo irmoa dugu trantsizio demokratiko, sozial eta ekologiko baterako oinarriak sendotzen jarraitzeko. Aparkalekuaren ordenantza dagoeneko martxan da, eta etxebizitzaren arloan lanean ari gara, Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko. Garbiketa zerbitzua hobetu beharra dugu, eta nahiz eta uda garaian igandeetara ere zabaldu dugun kale-garbiketa, horretan sakontzen jarraituko dugu. Ingurumenaren arloan ere jauzi kualitatiboa eman dugu, hondakinen kanpainari esker, eta hilabetean birziklapen-tasak gorakada nabarmena egin duela antzeman dugu.
Hori guztia ez da kasualitatea. Elkarlana, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea izan dira gure gobernantza-ereduaren ardatzak. Herritarrengandik hurbil dagoen udal bat eraikitzen ari gara, eta horretan sakontzen jarraitzeko gogoz gaude.
Oraindik agintaldiaren erdia dugu aurretik, baina EH Bildu osatzen dugunok epe horretatik haratago doan proiektu oso bat da eskuartean duguna. Gure konpromisoa berretsi nahi dugu gaur zuekin: Pasaia guztion artean bizigarri eta duinagoa egitea.
Bidean huts egin badugu, autokritika egiteko prest egon gara eta gaude; bidean asmatu dugunean, zuen babesari esker izan da.
Amaitzeko, aditzera eman nahi dugu Pasaiako dituen funtsezko eta egiturazko erronkei gogotik heltzeko unea eta testuingurua osatzen ari garela: Portuarekiko elkarbizitza bidezkoagoa, Oarsoaldeako Garapen eredua eraberritu eta bereziki Pasaiak Gipuzkoako Udal finantzaketan behar duen konpentsazio-aitortza bideratzeko.
Argi gara hiru lerrootan urratsak eta erronkak zehazten. Herri osoaren apustuak dira, beste alderdi politiko guztiekin partekatzekoak, jakina, baina bereziki zuokin, herritarrekin elkarlan zuzen eta estuan gatatzekoak.
Eskerrik asko, Pasaia. Elkarrekin lanean jarraituko dugu.