Laura Ré Lozano
Pasaiako EH Bilduren hautagaia
Euskal Herria oso urrun dago etxetik; Lorkatik (Murtzia) hona 904km daude. Herri hau, kontuan hartzen ez nuen lurralde bat izan da orain dela gutxi arte. Bere kultura, bertako hizkuntza eta, kasik, kokapena ere ez nituen ezagutzen. 2016an zapaldu nuen lehen aldiz Euskal Herria, eta 2018an hona mugitzea erabaki nuen. Pasai Antxon lurra hartu nuen, eta azken bost urte hauetan, nire etxea izan da.
Pasaiako goxotasuna gauza askok ematen dute: euskal kultura sustatzeko lana egiten duten eragileek; goizeko kafea zerbitzatzen dizun langileak; euskararen aldeko borrokan jo eta su dabiltzan lagunek; komertzio txiki bat sostengatzen duten pertsonek; egunero Pasaia denon herria izateko lan egiten duten feministek; edota beti laguntzeko prest dauden azokako dendariek.
Herritarrok egiten dugu badiako herri hau. Bai, herritarrok esan dut bertakoa izatea sentiarazi didazuelako. Eta kanpotik etortzen den edonor horrelaxe sentitzea gustatuko litzaidake. Horixe delako herrimina kentzen dizuna: bizi zaren lekua etxe sentitzea. Etxe horrek anitza, justua eta guztiontzako erosoa izan behar du, eta hori da gure misioa: Pasaiak denon herria izan behar du.
Feminismoa eta politika feministak ezinbestekoak dira, zaintza erdigunean jartzeko garaia baita. Guztion bizitzek dute garrantzia. Angela Davisek hala zioen: “Feminismo eraginkorrak borrokatu behar ditu homofobia, klase esplotazioa, arraza edota genero bazterkeria”. EH Bildu Pasaiako kideok maite dugun Pasaia halaxe da: herri bat aske bizitzeko. Eta konpromiso hori hartu dugu jada.
Oraina da gure borroka. Pasaian arazo ugari daude ageri eta udalak ez du konponbide nahikorik bilatu, ezta gauzatu ere. Adibidez, gazteok gero eta zailtasun handiagoak ditugu gure gurasoen etxetik alde egiteko, independizatzeko, hain zuzen ere. Guk gure bizitzaren jabe izan nahi dugu; non bizi eta non zahartu erabaki nahi dugu. Horretarako, gazte politika egokiak eta eraginkorrak beharrezkoak dira.
Argi-ilun horiekin guztiekin, murtziar honek EH Bildu Pasaiako zerrendan hautagai gisa joatea erabaki du, Pasaia aske, gazte eta eroso batean sinesten dudalako. Ezker subiranista alternatiba bakarra da eta alderdiko kide guztiengan konfiantza osoa daukat. Teo, gure zerrendaburua, igande honetatik aurrera, Pasaiako alkatea izango da herri honek auzokideon hitzak kontuan hartzea merezi duelako.
Maite duzun Pasaia elkarrekin eta elkarlanean egingo dugulako. Datorren maiatzaren 28an, igandean, EH Bildu bozkatzeko eskatu nahi dizuet.