2025eko apirilaren 29ko osoko bilkuran onarpena eman zaio Pasaiako EH Bilduren aldeko botoekin Pasaiako Udalaren eta Lizeoaren arteko lankidetza hitzarmena beste lau urtez luzatzeari. Akordio horretan, gainera, aurreikusi da orain arte udal haur eskola zenaren egoitza Lizeoari lagatzea (erabilera berriak interes publikokoa izaten jarraitzen duenez gero), jarduerarekin aurrera egin ahal dezan.
Horrenbestez, Pasaiako EH Bilduk berretsi eta berritu egin du Pasaia-Lezo Lizeoaren proiektuarekin dituen elkarlana eta konpromisoa. Eta, halaber, udal haur eskolaren erabiltzaile diren hamarka familiaren erabakia ere bebestu du. Izan ere, aitortzen ditugu:
Pasaia-Lezo Lizeoaren lana Pasaian funtsezko gizarte eta hezkuntza eragile gisa.
Bere jarduera irabazi-asmorik gabeko zerbitzu publiko gisa gauzatzen dela.
Gure herrian, eta haratago, euskararen erabilerari eta sustapenari egiten dion ekarpena.
Pasaiako ehunka familien hautua euren seme-alabak ikastetxe honetan matrikulatzeko.
Udal haur eskolaren itxieraren harira, honakoa da EH Bilduren irakurketa:
1998ko uztailaren 14ko osoko bilkuran, Pasaiako Udalak erabaki zuen ordura arte Bordatxo Lilitegiak modu pribatuan kudeatzen zuen haurtzaindegi-zerbitzua udalaren esku uztea, zerbitzua publiko bihurtuz.
2010ean, Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari Haurreskolen Partzuergoan sartzeko eta herrian haur eskola publiko bat irekitzeko eskaera egin zion. Horrela, 2012an ireki zen Karmengo Amako haur eskola publikoa.
2023-2024 ikasturterako, Eusko Jaurlaritzak Patzuergoko haur eskola publikoetako kuotak ezabatzeko erabakia hartu zuen. Horren harira, Pasaiako Udal Gobernuak udal haur eskolaren kuotak ere ezabatzea planteatu zuen, baina neurri horrek ekarriko zituen gastu gehigarriak kontuan hartuta, kuotak murrizteko erabakia hartu zuen azkenean.
2024ko azaroaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Pasaiako Udalari jakinarazi zion 2025-2026 ikasturtetik aurrera ez zuela udal haur eskolek jasotzen zuten finantzaketarekin jarraituko, eta, ondorioz, Udalak ez zuela aurrerantzean diru-laguntzarik jasoko kontzeptu horregatik. Aukeran, udal haur eskolak Partzuergoan integratu ahal izatea proposatu zitzaion udal gobernuari.
Horren aurrean, eragindako beste herrietako alkateekin harremanetan jarri ziren Pasaiako ordezkari politikoak. Aipatu beharra dago, hala ere, Pasaia zela udalerri bakarra bi eskaintza publikoak (udal haur eskola eta Partzuergoarena) barruti berean zituena, elkarrengandik metro eskasera.
Hala, EH Bildutik Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzari eskatu zion diru-laguntzak etetearen erabakia berriz aztertzeko. Hezkuntza Sailak, azkenean, urtebeteko epea (moratoria) eman zien eragindakooi trantsizioa egiteko, baina soilik baldintza bat bete ezkero: behin epe hori amaituta Eusko Jaurlaritzaren Haurreskolen Partzuergoan integratzea.
Gaur arte lizitazio bidez Pasaia-Lezo Lizeoak kudeatu izan duen udal haur eskolako langileei Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren berri eman zien alkateak, eta baita aukera eman ere Haurreskolen Partzuergoan integratu ahal izateko. Bertako langileek hasi eta buka adierazi dute integrazio hori ez zela aukera bat haientzat, ikastolaren proiektuarekin aurrera egin nahi zutelako.
Testuinguru horretan, Udal Gobernutik Karmengo Amako haur eskola publikoaren izen-emateak aztertu eta ziurtatu zituzten erabakia hartu aurretik, plazen ehuneko handi bat bete gabe zegoela egiaztatuz.
Hiru erpin nagusiak kontuan izanda, beraz (1. zerbitzu publikoa bermatua dagoela barruti berean eta plaza asko daudela libre; 2. Pasaiako Udalak ezin duela inolaz ere beregain hartu udal haur eskola kudeatzeko gastua Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe; eta 3. udal haur eskolako langileek ez dutela Haurreskolen Partzuergoan integratu nahi), Pasaiako Udal Gobernuak jarduera bertan behera uztea erabaki zuen.
Amaitzeko, joan den apirilaren 1ean Pasaia Lezo Lizeoak haurreskola zerbitzua lokal berean emateko bere eskaera aurkeztu zuen Udalean, udal lilitegiaren proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa hartuta eta gaur egungo kuotak murrizteko eta beka sistema indartzeko proposamena eginda. Horren aurrean, udal gobernuak eraikina lau urtez lagatzea proposatu du, gaur EH Bilduk plenoan onartu duena.