Pasaiako Udalak 2023an kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko prozesuan 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) ezarri zuen, herritarrek bi hizkuntza ofizialetan — euskara eta gaztelania— artatuak izateko duten eskubidea bermatzeko. Eskubide hori 1982an aitortu zien herritarrei Euskararen Legeak, eta hori bermatzeko, jakina, betebehar batzuk ere ezarri zizkien euskal erakundeei.
2024ko apirilean Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek euskararen ezagutzaren eskakizun hori bertan behera uztea erabaki zuten, diskriminatzailetzat joaz. Hori gutxi balitz, epaien aurka Pasaiako Udalak aurkeztutako helegitea ere baztertu berri du Donostiako Auzitegi bereko 3. zenbakiko epaitegiak.
Egoera horren aurrean, Pasaiako Udalak irmo jarraituko du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean, eta dagoeneko bi kasazio-errekurtso aurkeztu ditu, udal-autonomia, hizkuntza-eskubideak eta herritarren berdintasun aukerak babesteko.
Aipatutako epaiek ez dute aintzat hartzen azken 40 urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren hizkuntza- eskubideak bermatzeko garatutako lege- eta araudi-markoa, ezta udal langileek hizkuntza-eskakizunak betetzeko jaso dituzten baliabideak eta egindako ahaleginak ere.
2024ko apirilean Pasaiako EH Bildu eta EAJ udal-taldeek adierazpen bateratua kaleratu genuen, hizkuntza-eskubideen urraketa horiek salatzeko eta udalerriaren euskararen normalizazio-prozesua defendatzeko. Adierazpen hartan berretsi genuen gure helburua dela pasaitar guztiek —kalean nahiz administrazioan— euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatzea.
Gaur ere, EH Bildu eta EAJ udal-taldeek, irmoki berresten dugu 2024ko apirilekoadierazpenean adierazitakoa. Gure langile publikoek herritarren eskubideak bermatu behar dituzte, eta horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko euskara gaitasuna izatea. Epai hauek ez dira soilik udal baten aurkakoak, herritar guztien hizkuntza- eskubideen aurkakoak dira; herri gisa hizkuntza gutxitu bat berreskuratzeko eta normaltasunez erabiltzeko egindako lanaren aurkakoak.
Legea aldatu beharra dago
Azken epai horiek erakusten dute gaur egungo lege-esparruak hutsuneak dituela eta ez duela balio euskararen aurkako oldarraldi juridikoak geldiarazteko. Horregatik, eta Udalok euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitu ahal izateko, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diegu, udalok euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege-egokitzapenak ahalbidetu ditzaten.
Legeak eta dekretuak ez dira nahikoa hizkuntza bat normalizatzeko, baina ezinbesteko babes-tresnak izan behar dute Legeak agintzen duen hizkuntza normalizazioa burutu dezaten toki- administrazioek. Gaur egungo araudiarekin, agerikoa da ezin dela hizkuntza politika berdinzale bat burutu, hainbat epaiketek horren kontra egiten dutenez gero. Ondorioz, herritarren eskubideak eta udal- autonomia urratzen dira.
Amaitzeko, honakoa exijitzen dugu:
Pasaiako Udalak, udalerriko herritarrekin eta udal langileekin batera, euskararen alde lanean jarraituko du, eta hizkuntza-eskubideen urraketei tinko eta duintasunez erantzungo die.