AKTUALITATEA


| 2020-07-23 14:00:00

Iritsi da dagoeneko 2019-2020 ikasturte politikoaren amaiera. Gaurkoan Pasai San Pedron elkartu gara, eta ez da kasualitatea. Hemendik Pasaiako badiako txoko ezberdinak ikus baititzakegu.

Ikasturte berezia izan da hau, berezia bezain zaila hainbatetan. Baina EH Bilduko kideok ez dugu etsi, eta 2019ko maiatzaren 26ko gauean hauteskundeak irabazi ostean genuen indar eta ilusio berbaerak ditugu oraindik ere.

Urtea lanean pasa dugu pasaitarrok eskaini ziguten konfidantzatik eta azkeneko hauteskunde guztietan Pasaiako lehen indarra izanik, hamaika ekimen eta proposamen jarri ditugu abian urte luze honetan zehar. Guztietan herritarren parte hartzea bermatzen saiatu gara, eta udalean, gainontzeko alderdi politikoekin akordioak bilatzen saiatu gara momenturo.

Hala ere, kontsideratzen dugu Pasaia beti “zai” dagoela. Kanpokoek hartuko dituzten erabakien zai. Ez dugu ikusten udalean inolako ekimen propiorik dagoenik, eta bertan gobernatzen dutenek (PSE-PNV) ez dute Udala elementu aktibo gisa ulertzen. Horren adibide argia dira, adibidez:

  1. Trintxerpen oraindik ere Adinberriren terrenoen planeamendua eztabaidatzen ari garela Foru Aldundiak hala eskatu digulako. Beraz, ziurrenik ez dugu eraikinik ikusiko behintzat legealdia amaitu baino lehen.
  2. San Pedroko lonja izugarrizko atzerapenarekin dator eta Pasaia eta bereziki sanpedrotarrak oraindik ere beste erakundeek erabakiko dutenaren zai daude.
  3. Donibanen saneamenduko proiektua etengabe atzeratzen ari da, eta dugun informazioaren arabera berriro ere atzeratuko da.
  4. Antxon Pasaian gobernatzen duten alderdi berberek Donostiako metroko pasantea lehenetsi zuten eta orain topoaren lurperatzearen alde daudela saldu nahi digute, baina obra horren atzerapena euren ardura besterik ez da. Eta hala gertatuko da, antza denez, Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak egindako proposamenarekin; AHTaren obrak lehenetsiko dira eta herri proposamena albo batean utziko da luzaroan eta hori gauzatzeko esperantza handirik gabe.

Beraz, hau guztia kontutan hartuta, badugu premisa argi bat: PSEk eta PNVk ez dute inolako norabiderik Pasaian ez eta gobernu programarik. Ez dakite zein den euren helburua udalean eta gauzatu zuten akordio politikoa Pasaiatik kanpo erabaki zen eta pasaitarron interesak albo batean utzi zituen; alderdien interesak eta beste instituzio eta ente batzuetakoak lehenetsi ziren.

Udal Gobernua osatzen duten bi alderdiekin, PSE eta PNV, ados jartzea zaila eta ezinezkoa izan da askotan. Legegintzaldi hasieran proposatu genien herri akordiotik oraindik ere urrun daudela uste dugu, baina hala ere, aurrerapauso txikiak eman dira azken bolada honetan. Portuak pasaitarrongan duen eragina leuntzeko ekimenak adostu ditugu, COVID-19aren eragin ekonomikoa apaltzeko hainbat neurri erdietsi ditugu eta azkeneko aste hauetan Torreatze eta Donibanen dauden hainbat arazori irtenbidea emateko lantalde bereziak abian jartzea lortu dugu gure ekimenez.

Akordio puntualak badira ere, gure esperantza akordio horiek zabaldu eta beste alor batzuetan ere ematea da. Esaterako, beste instituzioek Pasaia euren agendatan sartzea lortu beharko genuke. Urte honetan hainbatetan aipatu bezalaxe, pasaitarrak eta pasaitarron bizitzak erdigunean jarri eta denon artean horien interesak lehenetsi eta herria aurrera ateratzea izan behar delako edozein akordioren oinarria. Eta Pasaiako EH Bildu akordio horretan egon nahi du eta egongo da.

Dena den, tamalez, oraindik ere lan asko dago egiteke, eta EH Bildun horretarako prest eta prestaturik gaude. Datorren ikasturtea indarberriturik hasiko dugu, energiarekin, eta pasaitarrok merezi dugun herria lortzeko larruazala utziko dugu. Barne-mailan taldea indartzeko prozesuari ekingo diogu eta kanpora begira herritarrengandik eta eragileengandik are gertuago egoteko dinamikak jarriko ditugu abian. Gu sinistuta baikaude udal politikak ez duela zentzurik herritarren parte hartze aktiborik gabe. Pasaitarrok erabaki behar dugu zer nahi dugun Pasaian eta Pasaiarentzat.