AKTUALITATEA


| 2025-10-01 17:35:00

Pasaiako udalbatzak 2025eko irailaren 30eko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu du Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egin beharreko eskaera, eta horretarako beharrezkoak diren diagnostikoa eta ekintza plana.

Ekimenaren helburua da herrian gero eta nabarmenagoa den etxebizitza arazoari erantzun irmoa eta eraginkorra ematea. Izan ere, Pasaiako familiek beren diru-sarreren batez besteko %35,9 bideratzen dute etxebizitzarekin lotutako gastuetara, eta horrek argi erakusten du udalerria tentsio egoeran dagoela. Horrez gain, etxebizitza eskaintza urria da, hutsik dauden etxe ugari daude erabilerarik gabe eta lurzoru eraikigarri berria oso mugatua da.

Diagnosi horretatik abiatuta prestatu den ekintza-plana lau ardatz estrategikotan antolatu da, helburu argiekin eta neurri praktikoekin: alokairu eskuragarria sustatzea, bizitegi-eraikinen parkea eta hiri-berroneratzea bultzatzea, alokairurako prestazio eta dirulaguntzak indartzea eta gobernantza partekatua sendotzea.

Teo Alberro Bilbao alkateak azpimarratu du planak “pasaitarren bizi-kalitatea hobetzeko bide-orri zehatza eskaintzen duela” eta horretarako bidean ezinbestekoa izango dela Eusko Jaurlaritzaren partaidetza eta konpromisoa. Bestalde, gogorarazi du dokumentuak ez dituela proposamen teoriko hutsak jasotzen, “ekintza praktiko eta gauzagarriak baizik, kronograma argi batekin”.

PSE-EEren adierazpenen aurrean, harridura

Alberrok harriduraz hartu ditu Pasaiako PSE-EEk udalbatzarrean babestutako etxebizitza ekintza-planaren inguruan eginiko adierazpenak. Gobernuburuaren esanetan, sozialistek “ez dute planaren norabidea eta izaera inolaz ere moldatu, hasieratik oinarri sendoak eta garbiak baitzituen horrek: etxebizitza publikoaren alokairua sustatzea eta etxebizitza hutsen merkatua mobilizatzea, besteak beste. Beraz, ulergaitza zaigu beren burua kasik planaren lider gisa aurkeztu izana prentsan, behin plenoa igarota".

Izan ere, PSE-EEk ekintza-planari aurkeztutako ekarpenetatik bi izan dira gobernuak inkorporatu dituenak: jarraipen batzorde bat sortzea proposatzea, eta etxebizitza publikoaren inguruan planak egiten zuen aipamena indartzea. "Bi proposamen horiek egin zituzten eta onartu ditugu, baina ez dugu ulertzen horren harira PSE-EEk esatea eurei esker alokairuko etxebizitza publikoaren aldeko funtsezko apustua egin denik edota plana euren presioari eskera onartu denik, inondik inora. Are eta gutxiago euren alderditik kontrako norabidean doazen politika eta proposamenak sustatzen ari direnean, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean”.

Izan ere, Alberrok gogorarazi du etxebizitza gaietan benetako ardura duten erakundeen inplikaziorik gabe eskuak lotuta dituela Udalak: “Erabat kontraesankorrak dira Pasaiako PSE-EEren adierazpenak momentu honetan Legebiltzarrean planteatzen ari diren Lurzoruaren legearen kontrarreformaren testuinguruan. Izan ere, euren alderdiak nahiz EAJk aurkeztutako etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren lege proposamenaren tramitazioaren baitan, argi gelditu da bi alderdien lege proposamena interes pribatuetan pentsatuz idatzi zela, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzean baino gehiago, sustatzaileen errentagarritasuna bermatzea bilatzen duelako. Hala, legeak babes publikoko etxebizitza gutxiago eraikitzea ahalbidetuko du, krisi une honetan ahalik eta etxebizitza babestu gehien egin beharko genituzkeen arren".

Horregatik guztiagatik, Alberrok Pasaiako PSE-EEri dei egin dio presio egin diezaion bere alderdiari, Pasaiako Udalari baino, benetako apustu publikoa egin nahi badu etxebizitza larrialdiak eskatzen duen neurrian.