Agintaldi erdia igarota, Udal Gobernuan zenbait aldaketa iragarri ditu Teo Alberro Bilbao alkateak. Zehazki, EH Bildu udal taldean bi zinegotzi berrik hartuko dute kargua, Miren Murua Arrizabalagak eta Joanes Bereziartua Zurutuzak.
Zinegotzi berriek azaroaren 25eko udalbatzarrean jasoko dute ofizialki aktaren jabetza, lekukoa hartuta gaur-gaurkoz zinegotzi diren Aitor Brion Barneto eta Natitxu Etxarri Aizkorretari. Azken bi horiek zinegotzi aktari uko egingo diote urriaren 28ko ohiko udalbatzarrean.
Alkateak “bihotzez eskerrak” eman dizkie Brion eta Etxarriri, bi urte hauetan erakutsitako gogo eta konpromisoagatik, eta egindako lan guztiagatik: “Gaurkoa ez da, inolaz ere, agur bat. Erein duzuen haziak fruitu eman du gure herrian eta ematen jarraituko du, Pasaiaren alde egin duzuen lana betierekoa izango baita”.
Udaletik kanpo lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute Brionek eta Etxarrik, eta horregatik ere aitortza egin die alkateak: “Jakin badakigu gure herriaren aldeko lanean jarraituko duzuela erabateko konpromisoz, udalgintzatik oso bestelakoa den esparru batean bada ere”.
Ereindako haziak emandako fruituen adierazgarri, loratutako landarez egindako sorta bana eman die taldeak akta utziko duten bi zinegotziei. Etorri berriei, ordea, kimu-loreontzi bana eman die alkateak, “aldaxka horietatik landare handi eta sendoak hazi daitezen”.
Bereziartuak eta Muruak, biek ala biek, herrigintzari lotutako ibilbide luzea dute atzean. Lehenengoa sanpedrotarra da sortzez, baina, gaztetatik Donibanen ibili da bertako herri mugimenduan. Historia ikasi zuen eta bigarren hezkuntzako irakasle ari da orain. Murua, berriz, sanpedrotarra da, ingeniaritza teknikoko ikasketak egin zituen, eta ingeniari lanetan dihardu egun.
Erreleboaren bidez, alkateak ziurtatu du taldeak “indarberrituta” ekingo diola agintaldiaren bigarren erdiari. “Talde prestua eta prestatua dugu, anitza; eta indartsu gaude Pasaiak oraindik dituen erronka handiei aurre egiteko, eta etorkizuneko proiektuen oinarriak finkatzeko”, amaitu du Alberrok.