AKTUALITATEA


| 2019-06-18 11:00:00

Udal osaera

Pasa den 15ean PSEren eta EAJren arteko itunak eragin zuen zerrenda bozkatuenak, EH Bilduk, alkatetza ez eskuratzea. Akordioak zilegiak badira ere, Pasaiako honek herritarrekiko errespetu falta erakusten duten bi ezaugarri nabarmen ditu. Bata, itun hori ez dago Pasaiako beharretan oinarrituta, oinarri programatikorik ez duenez ez baita Pasaia hobea egiteko adostasunetik sortu. Bestea, akordioa onuragarria eta zintzoa izan dadin ezinbestekoa den osagai bat falta zaio: gogo onez egina izatea. Bi alderdi horietako arduradunen arteko ezinikusi publikoak izanik, itun honek ez du inola ere bermatzen gobernu koalizioa sendoa izatea. Baldintza hauetan zintzoagoa eta herriarentzat onuragarria izango zen hauteskundeetako irabazleari bidea libre uztea, EAJren kasuan, gainera, publikoki horrela iragarri zuela kontuan hartuta. Egoera tamalgarri horren aurrean EH Bildukook arduraz beteko dugu pasaitar gehienek eman diguten mandatua, herri akordio bat lideratzea.

Pasaia duin baten aldeko akordioaz alderdiei

Udal osaeran Pasaiak behar duen adostasunez aritzeko aukera galdu izanak eskatzen duen kritika politikoa eginda, EH Bildu ez da iraganera begira geldituko. Argi eta garbi berretsi nahi dugu kanpainan zein udala osatu aurretik egindako elkarlanerako deia. Urteen poderioz normalizatu egin dugun arren, Pasaiak bizi duena larrialdi egoera da eta, beraz, larrialdiko neurriak behar ditu. Lehena, indar politiko guztien arteko akordio bat, duintasun kontua diren egoerak gainditzeko. Gobernatzeko ardura hartu dutenei dei egiten diegu adierazitako elkarlana bideratzeko mekanismo zehatzak proiektu bozkatuenarekin adostu ditzaten.

Era berean, hurrengo plenoan aukeratu beharreko udalaz gaindiko erakundeetako ordezkaritza adostua izateko dei egiten diegu.

Pasaia duin baten aldeko akordioaz herritarrei

Pasaiako bizi-baldintzak udalerritik kanpo hartzen diren erabakien menpe egonik, udalak egin ditzakeen ahaleginek ezinbesteko dute herritarron bultzada. Horregatik, irailetik aurrera harremanak garatuko ditu EH Bilduk alderdiekin ez ezik herritarrekin eta herri eragileekin pasaitarron duintasunaren aldeko akordio handi hori lantzeko.