AKTUALITATEA


| 2023-05-18 16:20:00

Mikel Arruti Lezoko EH Bilduren alkategaiak herriko EAJri eskaini dio “proiektu estrategikoetan herri gisa aritzea, ez alderdi bezala”. Bi kasu aipatu ditu sareetara igotako bideo batean: Gaintxurizketako errepide arazoa eta Pasaiako portua, honek Lezon duen eragina dela eta. “Estrategikoak diren proiektuek, herri proiektu izan behar dute”.

Arrutik esan du Gaintxurizketan bertako bizilagunek duten arazoari konponbidea emateko, herri gisa joan beharko litzatekeela Gipuzkoako Foru Aldundira, Eta portuaren kasuan, Madrilen hala aritu beharko litzatekeela. “EH Bildu alkatetzan badago, horrela ariko da”.

Orain dela aste batzuk Lezoko EH Bildu Gaintxurizketako bizilagunekin elkartu zen, eta berriki Etorkizuneko badia proposamena aurkeztu du.

Joan den astean Lezoko EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen alkategaiei mahai inguru publiko bat egitea eskaini zien. Gaur bukatuko zaie erantzuteko epea. Oraingoz, ez dute ezer esan.